Martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko dugu Ordizian. Hainbat ekintza izango ditugu martxoan, gai honen inguruko zenbait lerro jorratuz.

Ainhoa Jimenez, Berdintasun zinegotziak honakoa azaldu du: “Martxoak 8ko programa aurkezteko elkartu gara gaur, aurtengoan programa anitza prestatu dugu Udaleko sail ezberdinek elkarlanean, eta adin eta interes guztietarako ekintzak egongo dira. Gaurtik hasita urteroko moduan Kimetzek antolatutako emakume margolarien ekintza honekin. Eta horrez gain izango ditugu, erakusketak, antzerkia, kontzertuak eta baita skape rooma ere. Jabekuntza eskolako ekintzak ere izango ditugu, Batukada eta autozaintza, esaterako”.

Programa aurkezteaz gain, Udalaren konpromisoa ere nabarmendu du zinegotziak: “ezinbestean eskerrak eman behar dizkiegu egunero emakumeen eskubideen alde mobilizatzen diren mugimendu feministako kideei eta bat egiten dugu M8aren bueltan antolatu dituzten mobilizazioekin.  Errealitatea delako egunero dela martxoaren 8a, beraz, Udaletik emakumeen eskubideen defentsan lanean jarraitzeko konpromisoari eusten diogu, beti herriko eragileekin elkarlanean”.

PROGRAMA

Gaur, martxoak 2, hasi dugu egitaraua Emakume margolariekin. Barrenan ikusgai jarriko dira obra hauek, martxoaren 20tik 26ra bitartean.

Bestalde, gaur eta martxoaren 9an autozaintza tailerrak eskainiko dira Jabekuntza Eskolan (17:30-19:30).

Bide horretan, gaur, martxoaren 16 eta 30ean batukada feminista ere eskainiko da, Jabekuntza Eskolan.

Bihar hasi eta martxoaren 14ra bitartean, Barrenan ‘Angeles de la guarda’ antzerki erakusketa jarriko da ikusgai.

Martxoaren 4an, larunbata, 16:30etan, D´elikatuzen "En tránsito" dokumentala eta solasaldia eskainiko dira. Egonkortasun ekonomikoa aurkitzeko Europara bakarrik bidaiatzen duten milaka ama latinoamerikarren errealitateak aztertzen ditu, seme-alabekin duten distantziara, nazioz gaindiko harreman horren ondorioak ere.

Martxoaren 7an Barrenan ‘Magma Mia’ bakarrizketa eskainiko da Bea Egizabalen eskutik.

Martxoak 8an, 12:00etan kontzentrazioa egingo da Udaletxe azpian, Kimetzek deitua. 18:00etan, Denon bizitzak erdigunean lelopean, 18:00etan Ordiziako Plazatik zutabea aterako da Beasaingo Erauskin Plazan egingo den kontzentraziora. Goierriko Koordinadora Feministak deitutako ekintzarekin bat egingo du Udalak ere.

Martxoaren 9an, 19:00etan D´elikatuzen, Alarma Morea taldeak kontzertua eskainiko du, Ekirock eta Ordiziako Koordinadora feministak elkarlanean antolaturik.

Martxoaren 10ean, 17:15ean Nikolas Lekuona Plazan kontzertua egongo da musika eskolako txarangarekin. 18:00etan, Kimetzek antolatuta Kafe Kontzertua ere izango dugu.

Martxoaren 12an, Berdintasunaren aldeko scape room-a egongo da. Nadaleko lokalean eskainiko da. Orduebeteko ekintza da, eta bakarka, binaka… eta 8-10 laguneko taldeak joan daitezke. Ordutegia honakoa izango da: 10:30, 12:00, 13:30, 16:30, 18:00 eta 19:30. Izena martxoaren 9ª baino lehen eman behar da Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. edo 688 82 23 29 telefonoan. Hemen sipnosia:

“Escape room jolas kooperatiboa da, barnealdeko ginkana bat, hain zuzen, non pertsona talde batek probak gainditu behar dituen, kodeak eta enigmak deszifratu behar dituen giltzarrapoak eta maletak irekitzeko eta barrualdetik irteteko. Generikoak eta gai desberdinekin prestatzen ditugu: Kontsumoen Prebentzioa, Gozamenez… Berdintasunaren aldeko Escape Roomean, iraganera bidaia egitea proposatzen dugu, XX. mendearen erdialdeko emakumeen eta gizonen bizitza irudikatzeko. Maiordomoz mozorrotutako pertsonaia batek, bere hildako jabeen etxea aurkezten du. Emaztea emakumeen eskubideen aldeko aktibista sutsua eta Clara Campoamorren jarraitzaile leiala zen. Sufragio unibertsalaren aldeko borroka egin zuen. 1923ko maisu-maistren kontratua edo emazte onaren dekalogoa bezalako testuak eta garai horretako girotzea dira parte-hartzaileek deszifratu behar dituzten kodeak haien orainaldira iristeko. Areto honetan irudiek eta objektuek soldata-arrakala, genero-indarkeria eta sare sozialak bezalako kontzeptuak antzezten dituzte. Bidaia honetan gaur egunera arte lortutakoa agerian geratzen da, baina baita errealitate gordina eta aurrera egiteko geratzen zaiguna ere”.

Martxoaren 19an, Nor da Maurizia? Antzezlana eskainiko da Kultura FAmilian programaren baitan, 16:30.

Martxoaren 23an, 20:30ean, Herri Antzokian ‘Si ellas hablaran’ antzerkia eskainiko du Urrup-ek. Sarrera bost eurokoa izango da.