“Emakumeontzako jabekuntza eskola, Ordiziako emakumeek ezagutza eta jakintza elkarbanatu, sareak egin, ahaldundu, gure buruarengan konfiantza eta autonomia indartu, elkar eta norbere burua zaindu eta feminismoaz ikasten jarraitzeko espazio bat da”, azaldu du Ainhoa Jimenez, berdintasun zinegotziak. “Espazio hau, herriko emakumeok denbora luzean pentsatu, diseinatu eta landutakoa da eta, Ordiziako emakume guztiontzat irekita dago, beraz, herritarrei programan parte hartzeko deia luzatzen diegu”.

Orain hilabete batzuk udazkeneko programa aurkeztu zen eta egitarauaren balorazioa egin du zinegotziak: “oso gustura gaude jasotako emaitzekin. Jabekuntza Eskolan antolatutako ekintzetan parte hartzea zabala izan da eta horren erakusten digu badagoela halako ekintzak antolatzen jarraitzeko beharra. Ordiziako Udalak proiektu honekin konpromiso irmoa du”.

Gaurkoan udaberriko programa aurkeztu dute, Eihera kooperatibako Kattalin Minerrekin batera. Hainbat ekintzek osatuko dute egitaraua

Urtarrilak 19, otsailak 2 eta 16, eta martxoak 2, 16 eta 30ean Batukada feminista eskainiko da Ainara Sarasketa Alberdiren eskutik, 18:00-20:00. Jabekuntza ardatz eta perkusioa tresna bezala, talde lanean batukada feministak esan nahi duena landu, ulertu eta praktikara eramango dugu.

Urtarrilaren 25ean eta otsailaren 8 eta 15ean Nerea Redondoren eskutik ‘Crear y alimentar la autoestima, trabajar la confianza’ tailerra egingo da, 18:00-20:00. Autoestimua, emakumeon ahalduntze ibilbidean zutabe garrantzitsua da eta. Gutako bakoitzaren bizipen, sentimendu, pentsamendu, hitz egiteko erak aztertuko ditugu, gure buruarekiko begirada aldatzeko aukera zabalduaz. Niregan konfidantzarik al dut? Eta besteongan? Ze erlazio daukat nik konfidantzarekin? Beraz, besteek guregan sinesten dutela sentitu ahal izateko, lehenik geuk geure burua balekotzat emateko lanketa egingo dugu. Saio hauetan zehar, ahalduntze prozesuan gure buruak era osasuntsu, errespetuzko eta askean maitatzeko erronkan urratsak ematen jarraitzeko aukera paregabea edukiko dugu

Otsailaren 23an eta martxoaren 2 eta 9an, berriz, ‘Autozaintza gure ongizatearen oinarri’ tailerra eskainiko du Ainhoa Gorostidik, 17:30-19:30. Kurtso honek gure burua elikatzen lagunduko digu, nork bere burua zaintzeko gaitasunarako tresnak erakutsiz. Autoezagutzarako gonbidapen bat da, guretik abiatu eta ahalduntzeko bideak eraikiko dira, norberarentzako egokiak diren akzioak martxan jartzeko indarrak aztertuz.

Tokiko sendabelarrak eta erremedio naturalak modu praktikoan ezagutzeko aukera izango dugu otsailaren 1, 15 eta 22an, 17:00-20:00. Hain zuzen ere, Clara Gutierrezen esutik sendabelarren inguruko saioak izango ditugu. Bertan, etxeko zein laneko gaitz eta gaixotasun arinak prebenitzeko plater medizinalen inguruko informazioa emango da; noiz, nola eta non lortu ditzakegun gure sendabelarrak, tinturak, olatuak eta ukenduak egitea, infusioen prestaketa… finean, prebentzio eta osasunerako metodo naturalen erabilera.

Amaitzeko, Emaginen eskutik Autodefentsa feminista formazioa eskainiko da otsailaren 7 eta 14an. Helburu orokorra herriko emakumeei emakumeen aurkako indarkerian sentsibilizatzea eta trebatzea da. Ikuspegi feministatik, estrategiak, jakintza, orientabideak eta baliabideak eskaintzeko helburua du, profesionalek eta herritarrek begirada feminista izan dezaten, eta, hartara, aurre egiteko aukera izan dezaten. Hau 18:00-20:00 eskainiko da.

Programa osoa