Azaroaren 25a da Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna. Ordiziako Udalak berdintasuna oinarri eta lehentasuna du, eta bide horretan egitaraua antolatu du egun honen bueltan.

Ainhoa Jimenez, berdintasun zinegotzia: “ostegunean berriz ere azaroak 25a dugu. Eguneroko erronka dugu biolentzia honen kontra egitea, baina garrantzitsua da egun honetan ere bat egiten jarraitzea”.

“Duela hiru urte herriko emakume talde eta norbanako asko elkartu ziren matazak josteko emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean, eta Zuhaiztin izan ditugu jarrita urte hauetan ikur moduan. Mataza horiek ez zeuden egoera onean eta horregatik kendu egin dira, baina garbi dago errealitate hori aldatu dadin lanean jarraitzea besterik ez dela gelditzen”.

“Gizarte guztiarengan” ekiten jarraitzearen garrantziaz mintzatu da Jimenez, baina aurten adineko emakumeengan jarriko dela fokoa azaldu du: “fokoa adineko emakumek jasaten duten indarkeriaren gainean jarriko dugu, indarkeria ikusezina izaten delako gehienetan. Gurutze Gorriak egindako ikerketaren arabera, 65 urtetik gorakoen %40ak tratu txar fisiko, psikologiko, ekonomiko edo sexualak jasan dituela adierazi du. Oso garrantzitsua da emakume hauek jasan duten eta jasaten duten biolentzia horri heltzea, eta gizartea sentsibilizatzea garrantzitsua da esku-hartzeko. Azaroaren 24an eta 25ean adineko emakume horiei zuzendutako ekintza bereziak antolatu dira”.

Azaroaren 19an, Goierrin indarkeria matxistarik ez! Sormen lehiaketan lanak aurkezteko azken eguna izango da. Bigarren urtez jarraian, Goierriko hainbat udalerrik antolatu dute elkarlanean ekimen hau, emakumeek jasaten duten indarkeria mota desberdinak agerian utziz.

Azaroaren 24an, asteazkena, 10:00etatik 13:00etara Barretxe parean, gune informatiboa egongo da jarrita, indarkeria matxistaren aurrean toki segurua lemapean, EMAGIN elkartearen eskutik. “Batez ere, 65 urtetik gorako emakumeei bideratutako informazioa eskainiko da bertan, lehen aipatu dugun biolentzia ikusezina erakusteko”, gehitu du Jimenezek.

Azaroaren 25an, osteguna, 17:00etan, Zuhaizti zentroan hitzaldia eskainiko du EMAGIN elkarteak: “indarkeria matxista zahartzaroan. Ikusten ez dena ikustaraztea”. Egun berean, 18:30ean, plazan kontzentrazioa egingo da Ordiziako Koordinadora Feministaren eskutik eta baita Urrup antzerki taldearen performancea ere.

Abenduaren 4an, bestalde, autodefentsa feminista tailerra eskainiko da, Jabekuntza Eskolan bertan. 10:00-14:00 / 16:00-20:00.

Puntu lila leihoan

Ikusgarritasuna emanez emakumeek jasaten duten biolentziari, ekintza guztiak jasotzen dituen programa Ordiziako etxebizitza guztietara bidaliko da. Programa horren eskuorriaren beste aldean puntu lila agertzen da, emakumeenganako indarkeriaren aurkako ikurra. Ordiziako Udaletik deialdia egiten dugu puntu lila hori etxeko leihoetan pegatzeko, modu horretan, biolentzia honen gaitzespena adieraziz.