Ordiziako Udalak bere ekimen guztietan genero ikuspegia txertatzeko konpromisoari heldu nahi dio, eta horregatik, zaharkituta geratu den Irisgarritasun Planaren berrikuspenari ekiteko diagnostiko ariketa bezala, udalerriko Mapa Morea osatuko du parte hartze prozesu bidez. Aurkezpenean izan dira Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea; Ainhoa Jimenez, Berdintasun Zinegotzia, eta Projekta Urbes elkarteko kideak.

Mapa Morearen helburua herriaren ahalik eta argazki osatuena lortzea da, dauden gabeziak eta indarguneak identifikatuz, betiere, genero ikuspegia ardatz izanik. Edonola ere, genero ikuspegiaren planteamendu negatibo hutsak gainditu nahi dira, emakumeei segurtasun gabezia eragiten dieten espazioak identifikatze hutsetik harago begiratuz. Nork erabiltzen du espazio publikoa, eta nola? Nor da espazio publikoa oinez erabiltzen duena? Zertarako erabiltzen da espazio publikoa? Galdera horiei genero ikuspegitik ez erantzutea tranpa egitea da, erabilera horiek erabat feminizatuta dauden zaintza lanekin erabat uztartuta daudelako, eta autoaren erabileran ere, gehiengoa gizonezkoek osatzen dutelako. Horregatik, ezin gara irisgarritasunaren benetako azterketa eraginkor bat egitera iritsi ez baldin bagara genero ikuspegitik abiatzen.

Projekta Urbes enpresak garatuko du proiektua, bai Mapa Morea, eta baita ondoren etorriko den Irisgarritasun Planaren berrikuspena ere. Horretarako udalerriaren diagnostikoa egingo dute herritarrek, baina baita Udaleko langile eta teknikariek ere.

Lehenengo aurkezpen ekitaldia ekainaren 23an izango da, 17:00etan eta 19:00etan, Udaletxeko batzar aretoan (gainontzekoak ere leku berean izango dira).  Bertan egitasmoaren nondik norakoak aurkeztuko dira, eta formazio txiki bat eskainiko da kontzientzia hartzeko hirigintza edo urbanismoa neutroak ez direla jabetzeko, eta  generoak hartzen duen garrantziaz hausnartzeko. Ondoren, parte hartze saio irekiak burutuko dira: ekainaren 30an, 18:30ean, herriaren diagnostikoa burutuko da genero ikuspegitik antzematen diren ezaugarri negatiboak azaleratzeko, eta uztailaren 7an aldiz, ezaugarri positiboak ere aurkitu eta kokatzeko, 18:30ean. Horrez gain, online ere zabalduko da epea herritarren ekarpenak jasotzeko.

Proiektu hau herritarrekin diseinatu nahi da, eta batez ere adin guztietako emakumeen partaidetza sustatu nahi da, beraien begirada anitzetik ekarpenak jasotzeko..

Gaur egun Ordiziak dituen ezaugarri negatiboak identifikatzeko lau ardatz aztertuko dira batez ere:

  • Segurtasuna, erasoen eta mehatxuen aurrean.
  • Babesa, kalte eta arriskuen aurrean, batez ere trafikoak eragindakoak.
  • Irisgarritasun unibertsala.
  • Oinezko eta bizikletazko mugikortasuna, eta garraio publikoa.

Baina begirada positiboa lantzeko ere, beste lau ardatz aztertuko dira.

  • Ongizate eta osasun
  • Elkarbizitza, ongizate komunitarioa.
  • Lan erreproduktiboa, zaintza eta kontziliazioa.
  • Presentzia, emakumeen adierazgarritasun erreal eta sinbolikoa.

“Indarrean dauden Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako lege eta planak ez dira eraginkorrak izango gure eguneroko jardunean eta erabakietan genero ikuspegiak aintzat hartzen dituzten hausnarketak txertatzen ez baditugu”, zehaztu du Jimenezek.

Zentzu honetan, “hiri edo urbanismoa neutroak diren irudipen faltsua dugu herritarrok”, gehitu du: “hirigintzak edo urbanismoa herritarron bizitzak baldintzatzen dituzte, eta genero paradigmak errepikatzen dira, gure gizartean oinarri matxistak dituztenak”. Ikuspegiaren inguruko hausnarketa egin du Berdintasun zinegotziak: “herriak autoaren erabileraren arabera moldatu dira, lanera doan langile gizonezkoa oinarritzat hartuta. Bitartean, hiria oinez erabiltzen duten emakumeen gehiengoa albo batera utzi da, eta baita emakumeen gehiengo horrek zaintze dituzten haur eta helduak ere”.

Hala, 2008an egin zen Irisgarritasun Plana berrikusi behar genuela erabaki zutela gehitu du zinegotziak, eta horretarako “abiapuntua egungo egoeraren diagnostiko bat burutu behar genuela ikustean, ez genuen zalantzarik izan diagnostiko hori genero ikuspegitik burutzeko”.

Hirigintza sailak Berdintasun arloarekin elkarlanean 2011ean Herri debekatua ikerketa burutu zuen, baina ordudanik, “ikuspegi negatiboaz harago, positiboa ere txertatu behar dugula uste dugu. Zentzu horretan, espazio publikoen irisgarritasun fisiko hutsaz harago ere, erabileraren inguruan hausnartzea da helburua, eta azken batean, guztientzat irisgarriagoa izango den Ordizia bat lortzea”, gehitu du Jimenezek.

Ordiziak bere gizarte-mugimendu handi eta askotarikoan (kirol-elkarteak, sozialak, kulturalak, artistikoak, musikalak, profesionalak...) duen aberastasunik aipagarrienetako balore bat da.  Eta hori kontuan izango da proiektuan.

Emakumeak aniztasunean egongo dira ordezkatuta, eta partaidetza gunea Emakumeen Mahaia izango da.