Image
Image

Euskal Jaietako aparteko azoka eta LIII. Gazta Lehiaketa irailaren 9an izango dira Ordizian

Euskal Jaietako aparteko azoka eta LIII. Gazta Lehiaketa irailaren 9an izango dira Ordizian

Irailaren 4tik 13ra ospatuko dira aurten Euskal Jaiak Ordizian. Ohiko moduan, egitarau zabala izango dute, eta, besteak beste, irailaren 9an egingo den Euskal Jaietako aparteko azoka eta latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketaren LIII. edizioa izango dira hitzordu nagusietako batzuk.

Aurtengo egitarauaren eta irailaren 9ko aparteko azokaren eta egun horretan izango diren lehiaketen berri eman dute gaur Ordiziako Plaza Nagusian egindako aurkezpenean Adur Ezenarro alkateak, Libe Otegi Turismo zuzendariak, Alberto Sotomayor Kutxa Fundazioko ordezkariak, Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko ordezkariak, Ibai Alberdi HEBEko ordezkariak, D’Elikatuz Zentroko Leire Arandiak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideek.

Asteazkeneko aparteko azokak ohiko lehiaketa eta erakusketak bilduko ditu, eta gazta izango da eguneko protagonista nagusietako bat. Ordiziako Beti-Alai pilotalekua jendez beteko da beste behin, eta artzainek urte osoan egindako lanaren emaitza erakusteko aukera izango dute.

Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen hitzetan, «zalantzarik gabe, Euskal Jaiak oso bereziak dira guretzat. Egitarau zabalaz gozatzeko aukera izaten dugu, eta asteazkeneko azoka berezia izateaz gain, gure ondare den gaztak izaten du protagonismo handiena. Urtez urte pilotalekua jendez betetzen da, eta artzainek urte guztian egindako lanaren emaitza aurkezteko aukera izaten dute. Guretzat ere garrantzitsua da egiten duten lana balioan jartzea, eta balioan jartzeko modurik onena kontsumitzea da, gure bertako baserritarren produktuak erostea. Hori da gurea, bertakoa, babesteko modu onena. Aurten ere gonbita egiten diegu herritarrei Euskal Jaiez gozatzeko, eta, nola ez, asteazkeneko azoka berezira gerturatzeko», azaldu du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak.

LIII. Gazta Lehiaketa eta Urrezko Kutxa Garaikurra

Aurtengo Euskal Jaietako aparteko azokaren hitzordu nagusietako bat latxa edo karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta-lehiaketaren LIII. edizioa izango da.

Azken hamarkadetan Ordiziako Euskal Jaien ezinbesteko hitzordu bihurtu den lehiaketak aurten ere artzainen eta gaztagileen lana izango du ardatz. Gainera, Urrezko Kutxa Garaikurra jokoan izango da.

Azken hamar urteetako txapelketetan lehen postua hiru aldiz lortu duen gaztagileak eskuratu ahal izango du garaikurra. 2009an lortu zuen lehen aldiz Elgoibarko Jesus Mª Ansolak; 2013an, Eulateko artzain Ricardo Remirok; eta 2023an, Segurako Ondarre Gaztandegiko Eneko Goiburuk. 2025ean, berriz, La Leze gaztandegiko Eli Gorrotxategik eta Jose Mari Jauregik eskuratu zuten azken Urrezko Kutxa Garaikurra.

Aurtengo edizioan, S.C. Kortaria gaztandegiko Julen Arburuak izango du garaikurra irabazteko aukera, 2018an eta 2019an lehiaketako lehen saria lortu baitzuen.

Kutxa Fundazioaren ordezkari Alberto Sotomayorrek erakundearen helburua azpimarratu du: «Gipuzkoa bidezkoagoa, jasangarriagoa, ikasiagoa eta sortzaileagoa lortzen lagunduko duten erantzunak sustatzea eta babestea».

Ildo horretan, beste erakundeekin elkarlanean aritzearen garrantzia nabarmendu du, eta gogorarazi du euskara eta ondare kulturala direla Kutxa Fundazioaren lana gidatzen duten zeharkako ardatzetako bi.

«Izan zirelako gara, eta garelako izango dira», adierazi du Sotomayorrek, ondarearen transmisioari erreferentzia eginez.

Horren harira, Euskal Jaietako Gazta Lehiaketan emango den sari nagusiaren helburua ere azaldu du: «Artzainen ibilbide luzearen bidez ondare bihurtu den gaztagintzaren garapena sustatzea eta ikusgarri egitea nahi dugu, baita sektore honetan egiten den lan ona aitortu ere».

Gazten desfilea, lehiaketa eta enkantea

Lehiaketan parte hartuko duten artzainek irailaren 7ra arte, 12:00ak baino lehen, aurkeztu beharko dituzte gaztak Idiazabal Jatorrizko Izendapenean edo Artzai Gazta elkarteetan.

Irailaren 9an jasoko dira gaztak D’Elikatuz Elikadura eta Gastronomia Interpretazio Zentroan. Goizeko 8:45ean, gaztak Beti-Alai pilotalekura eramango dituzte dantzariek, trikitilariek eta dultzaineroek lagundutako desfilean. Bertan izango dira artzainak, agintariak, epaimahaikideak eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kideak.

10:00etan hasiko da lehiaketa, eta hainbat sukaldari, gastronomia-aditu eta kazetarik osatuko dute epaimahaia, Pedro Subijana lehendakari dela.

Aurtengo edizioan, gainera, azken urte honetan zendu diren hiru kofradiakideri omenaldi sentitua egingo zaie.

Omenaldia egingo zaie ere Euskal Sukaldaritza Berriaren ordezkariei, 50. urteurrenagatik.

13:30ak aldera jakingo da zein diren artzain irabazleak, eta ondoren saritutako gazten enkantea egingo da.

Enkantea, gainera, ez da aurrez aurreko formatura mugatuko: aurten online parte hartzeko aukera ere izango da, munduko edozein lekutatik. Parte hartu nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena "enkante.eus" (https://enkante.eus/erregistroa) webgunean.

Lehiaketa eta enkantea streaming bidez ere jarraitu ahal izango dira.

Bestalde, gazta-lehiaketaren azken hamar irabazle izan diren artzainen gaztak erosteko aukera izango da Beti-Alai pilotalekuko frontoi txikian jarriko den salmenta-gunean.

Gazta, ondarea eta turismoa

Euskal Jaietako aparteko azokak gazta eta baserritarren produktuak erakusteaz gain, landa-munduaren, tradizioaren eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintzaren balioa ere nabarmendu nahi du.

Ildo horretan, Libe Otaegi Turismo zuzendariak gaztaren atzean dagoen ondare-balioa azpimarratu du:

«Gaur bezalako egunetan ezinbestekoa da sustatzen ari garen produktu honen atzean dagoen guztia mahai gainean jartzea: tradizioa, maitasuna, lana, ahalegina, konpromisoa, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintza eta ondo egindako lanarekiko errespetua.

Gaztaz ari gara, bai, baina baita landa-mundu batez, bizimodu batez eta gure nortasunaren parte den ondare batez ere. Turismoaren ikuspegitik, ikuspegi osagarri bat txertatzen diogu guzti honi. Gure egitekoa da balio horiek modu arduratsu eta zintzoan ezagutaraztea, bisitariei produktu paregabe honen atzean dagoen errealitatea erakutsiz eta, aldi berean, gure lurraldeko kultura, tradizioak eta bizimodua ezagutaraziz».

Idiazabal gaztaren ekoizpenaren eboluzioa

Gaztaren sektoreari dagokionez, 2026ko kanpainaren ekoizpen-datuak ere izan dituzte hizpide aurkezpenean.

Kanpaina oraindik amaitu gabe dagoen arren eta ekoizpen-datu guztiak jasotzeko zain badaude ere, Idiazabal gaztaren ekoizpenean %11 inguruko jaitsiera aurreikusten da aurreko kanpainarekin alderatuta. Aurreko kanpainan, aldiz, %10 inguruko igoera izan zen.

Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko ordezkariak azaldu duenez, beherakadaren arrazoi nagusien artean daude klima-baldintza gogorrak eta ekoizpen-eremutik kanpoko merkatuaren egoera konplexua.

Berezi kezkatzen ditu, gainera, une honetan jasaten ari den lehorte orokortuaren ondorioek, bai artaldeen errentagarritasunari bai hurrengo kanpainako ekoizpenari begira.

Pirenaika arrazako behi-aziendaren XXVII. txapelketa

Aparteko azokaren barruan, Gipuzkoa mailako XXVII. Ordiziako Pirenaika Txapelketa ere egingo da irailaren 9an, Garagartza plazan, Ordiziako Udalak eta HEBEk elkarlanean antolatuta.

Txapelketa 10:30ean hasiko da, eta zortzi sailetan banatutako 50 bat behi izango dira lehian. Epaileek animalien morfologia eta arrazaren ezaugarriak hartuko dituzte kontuan txapeldunak aukeratzeko, eta lehiaketaren amaieran sariak banatuko dira.

HEBEko lehendakari Ibai Alberdik ganaduzaleek urte osoan egiten duten lana ere nabarmendu du. «Pisaketak egitea, kalitatezko zezenak erostea eta intseminazioen bidez arraza hobetzea ezinbestekoak» direla azaldu du, «helburu nagusia baserrien errentagarritasuna handitzea baita».

Halaber, Pirenaika arrazaren balioa azpimarratu du, «bertakoa den eta mendian asko ikusten den arraza» dela gogoraraziz. Irailaren 9an, gainera, bertako arraza horren kalitatezko haragia ezagutzeko eta dastatzeko aukera ere izango da.

Gazta eta Pirenaika txapelketekin batera, fruitu eta barazkien lehiaketa, Euskal Oiloaren lehiaketa-erakusketa eta hainbat erakusketa ere izango dira irailaren 9ko aparteko azokan.

Halaber, Plaza Nagusian astero postua jartzen duten baserritarren lana aitortzeko Aipamen Berezia egingo da.

Euskal Jaietako aparteko azokak, beraz, aukera emango du egun berean gaztagintzaren eta artzaintzaren lana ezagutzeko, bertako ganadua ikusteko, baserritarren produktuak ezagutzeko eta Ordiziako azokak eta landa-munduak herriaren ondarean duten garrantziaz gozatzeko.

Euskal Jaien egitarau osoa eta irailaren 9ko aparteko azokari buruzko informazio guztia www.ordiziakoazoka.eus webgunean kontsulta daiteke.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza