Image
Image

Miren Etxezarreta Ekonomia Kritikoaren Artxiborako Bekaren lehen deialdia aurkeztu du Ordiziako Udalak

Miren Etxezarreta Ekonomia Kritikoaren Artxiborako Bekaren lehen deialdia aurkeztu du Ordiziako Udalak

Ordiziako Udalak Miren Etxezarreta Ekonomia Kritikoaren Artxiborako Bekaren lehen deialdia aurkeztu du. Ekimen honen bidez, ekonomialari ordiziarrak herriari utzitako ondare intelektuala zabaltzen eta aberasten jarraitu nahi du Udalak, ekonomia kritikoaren eta gizarte-zientzien arloko ikerketa berriak sustatuz.

Beka hau Miren Etxezarretak Ordiziako Udalari dohaintzan emandako funts dokumentalaren inguruan garatzen ari den proiektuaren baitan kokatzen da. Etxezarretak bere funts pertsonalaren zati bat Udalari eman zion 2021ean. Udalak mende erdi baino gehiagoan egindako lanen sailkapen, digitalizazio eta artxibatze lana burutu zuen. Lan horren emaitza 2024ko azaroaren 23an aurkeztu zen jendaurrean, Barrena Kultur Etxean egindako ekitaldian. Bertan artxiboa ezagutzera emateaz gain, etorkizuneko garapen-ildoak ere aurkeztu ziren. Bekaren lehen deialdi hau proiektu haren jarraipena da, artxiboa ikerketa berrien bidez aberasten jarraitzeko helburuarekin.

Miren Etxezarreta Ekonomia Kritikoaren Artxiboak ekonomia kritikoa, gizarte-zientziak eta gizartearen eraldaketa uztartzen dituen ezagutza-gune bizia izan nahi du. Horregatik, bekaren bidez egungo gizartearen oinarriak ikuspegi kritikoz aztertuko dituzten ikerketak sustatu nahi dira, gizarte bidezkoago baten eraikuntzan ekarpena egingo duten proposamenak bultzatuz.

Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen hitzetan, «Miren Etxezarretak Ordiziari egin dion ekarpena paregabea da. Bere ondarea ez da iraganera begirako altxorra bakarrik; etorkizunerako tresna ere bada. Bekaren bidez ondare hori bizirik mantendu nahi dugu, ikerketa berriak sustatuz eta ezagutza kritikoa sortzeko espazio bat eskainiz».

1.200 euroko beka
Deialdia banakako ikertzaileei nahiz lantaldeei zuzenduta dago. Aurkeztuko diren ikerketa-proiektuek originalak eta argitaratu gabeak izan beharko dute, eta Gizarte Zientzien ikuspegitik landu beharko dituzte egungo gizartearen oinarriak, ekonomia kritikoa, desberdintasun sozialak edo gizartearen eraldaketarekin lotutako bestelako gaiak. Era berean, bereziki baloratuko dira tokiko edo eskualdeko errealitateari lotutako proposamenak eta udal mailan aplikagarriak izan daitezkeen ekarpenak.

Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da, eta proiektua garatzeko epea 12 hilabetekoa izango da, esleipena egiten den egunetik aurrera. Laguntza hiru zatitan ordainduko da: %30 hasieran, %30 ikerketaren garapenaren erdian egindako lanaren memoria aurkeztu ondoren, eta gainerako %40a amaierako lana entregatu eta onartu ostean.

Eskabideak 2026ko irailaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira Ordiziako Udalaren Erregistroan edo Egoitza Elektronikoaren bidez. Eskaerarekin batera aurkeztu beharko dira ikerketa-programa, proiektuaren laburpena euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, curriculum vitaea eta deialdiaren oinarrietan jasotako gainerako dokumentazioa.

Proiektuak Ebaluazio Batzorde batek aztertuko ditu. Balorazioan kontuan hartuko dira, besteak beste, proiektuaren kalitate zientifikoa, originaltasuna, deialdiaren helburuekiko egokitasuna, tokiko eta eskualdeko eragina, hautagaiaren ibilbidea eta ikerketak gizartean izan dezakeen aplikagarritasuna. Euskaraz aurkeztutako lanek, gainera, 10 puntu gehigarri jasoko dituzte.

“Praktika berriak sortzeko akuilua”
Alkateak azpimarratu duenez, «Ordiziak ezagutza sustatzeko duen konpromisoaren adierazgarri da beka hau. Miren Etxezarretaren legatua ez da artxibo bat soilik; etorkizuneko belaunaldientzat hausnarketa, ikerketa eta gizarte-konpromisoa sustatzeko tresna izan nahi du. Izan ere, Mirenek berak argi esan zigun, artxiboak ezin du gordailu bat izan, praktika berriak sortzeko akuilua baizik, eta tokian toki ekonomia kritiko eta sozialaren aterkipean garatu diren proiektuak zabaltzeko eta erreplikatzeko tresna».

Lehen deialdi honen bidez, Ordiziako Udalak Miren Etxezarretaren legatua etorkizunera begira proiektatzen du, ekonomia kritikoaren eta gizarte-zientzien arloko ikerketa sustatuz eta Ordizia ezagutza, hausnarketa eta gizarte-eraldaketarako erreferentziazko gune bihurtzen lagunduz.

BEKAREN OINARRIAK

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza