Ordizia prest dago Santa Ana jaiei ongietorria emateko. Aurtengoan ere, egitarau bete-betea izango da, adin guztietarako jarduerez osatua. «Santa Ana jaiak elkarrekin ospatzeko egunak dira: lagunekin, familiarekin, kuadrillarekin eta herrikideekin gozatzeko. Elkar ezagutu, hitz egin, kantatu eta dantzatzeko egunak dira, baina baita elkar zaintzekoak ere. Guztiok dugu festak askatasunez eta segurtasunez bizitzeko eskubidea; horregatik, errespetuan, zaintzan eta elkarbizitzan oinarritutako jaiak aldarrikatzen ditugu. Festa giroa guztion artean eraikitzen dugu», adierazi du Adur Ezenarro alkateak.
Ohiko moduan, Boxeo Gaua izango dugu lehen ekitaldietako bat, ostiralean, 22:00etatik aurrera, Beti Alai pilotalekuan izango da.
Haurren asteburua
Jaien lehen asteburua haurrena izango da. Aurtengoan, aldaketa bat izango da; 2025 urtean jaiotako haurrei ongi etorria, ostiralean 19:00etan hasita egingo da, larunbat goizean egin beharrean. 100dik gora zapi banatuko dira Plaza Nagusian egingo den ekitaldian.
Larunbatean, Kadete mailako LIII. Chapel Gorri txirrindulari probarekin jarraituko dute emanaldiek. Eguerdian, berriz, alkate jaun-andre txikiek hartuko dute agintea, eta udaletxeko balkoitik txupinazoa jaurtiko dute. Hodei Zubeldia eta Johana Alvarez izango dira alkate jaun-andre txikiak.
Suziria jaurti ondoren, buruhandi eta erraldoien kalejira izango da, Ordiziako txistulariek, trikitilariek eta Burrunbazale txarangak lagunduta. Umeen bazkari herrikoia plazan egingo da. Gainera, ur parkea izango da arratsaldean, eta haurren mozorro dantzaldia iluntzean. Zezensuzkoak eta Nonbait erromeriak osatuko dute larunbateko egitaraua.
Eta igandean, haurren aurreskua izango da eguerdian. Elene Iturrioz Egaña izango da aurreskua eta Maide Marin Izagirre atzeskua.
Eta arratsaldean haurren danborradak hartuko ditu herriko kaleak.
Jaien hasiera ofiziala
Jaiei hasiera ofiziala uztailaren 24an, ostirala, emango zaie. 12:00etan Udaletxeko balkoitik jaurtiko da txupinazoa. Azari elkarteak (100 urte), Txindoki Atletismo Taldeak (75 urte), Boxeo Taldeak (50 urte) eta herritarrek aukeratuta Urko Ruiz de Apodaka Jauregiondok piztuko dituzte jaiei hasiera emango dieten suziriak.
Aurtengo Santa Ana jaiak baina, bereziak izango dira, Bernardo Alberro ordiziarra gabe ospatuko diren lehenak izango direlako. Ordiziarrak Gera ereserkiaren egilea izan zen Alberro, eta Udalak haren ekarpena eta herriari utzitako ondarea gogoan izango ditu txupinazo nagusiaren egunean, omenaldi xume bat eginez.
Buruhandi eta Erraldoiak, XX. Bigantxa-futbol txapelketa, Tavole zirku ikuskizuna eta kalejirak beteko dute eguna, eta 21:30ean helduen danborrada aterako da Buztuntzatik. Amaitu ostean Rockalean musika kalejirak alaituko ditu kaleak.
Hilaren 25ean, larunbata, Ordiziako Klasikoa jokatuko da, eta 26an, igandean, Goizaldeko Danborrada eta agintarien soka-dantza egingo dituzte, besteak beste. Arratsaldean profesionalen eskuzko pilota partidak, Gautxori txarangarekin kalejira, Beti Argi bandarekin kalejira eta Goxuan Salsa taldearen kontzertuak izango ditugu.
Astelehenean, hilak 27, berriz, Santanazaleen eta Kuadrilen Eguna izango da. Eguerdian egingo da Santanazaleen ohiko esku-dantza, 12 bikote ezkonberriren parte-hartzearekin, eta Itsasne Crehuet izango da aurreskua eta Izaro Garmendia atzeskua.
Santanazaleek suziria jaurti eta segidan, kuadrillen irteera egingo da. Jaietako azken eguna goizalderaino luzatuko da. Iluntzean Garagartza plazan, Puro Relajo taldearen kontzertua, Bazterretxea plazan DJ Xaiborren emanaldia, eta Plaza Nagusian Esenzia orkestarekin dantzaldia izango dira.
Barrakak, prezio bereziak eta zaratarik gabeko ordutegia
Barrakak ostiralean irekiko dira. Azken urteetan bezala, 15:00etatik 18:00etara zaratarik gabeko ordutegia izango dute, musikarik eta soinu ozenik gabe, haur guztiek espazioaz baldintza egokietan gozatu ahal izan dezaten.
Horrez gain, uztailaren 20an, 21ean eta 23an prezio murriztuak izango dituzte.
Alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko kanpaina
Santa Ana jaien baitan, Ordiziako Udalak alkoholaren kontsumo arduratsua sustatzeko sentsibilizazio kanpaina abiatuko du herriko ostalaritzarekin elkarlanean.
Kanpainaren bidez, herriko taberna eta ostalaritza-establezimenduetan alkoholimetroak jarriko dira herritarren eskura. Horrela, edari alkoholdunak kontsumitu dituzten pertsonek beren alkohol-tasa modu erraz eta borondatezkoan neurtzeko aukera izango dute.
Ekimenaren helburua da jaietan erabaki arduratsuak hartzea sustatzea eta herritarrak alkoholaren kontsumoaren ondorioez kontzientziatzea, bereziki gidatzeari edo arrisku-egoerei dagokienez.
Kanpainaren leloa argia da: "Edan duzu? Jakin nahi al duzu zure alkohol tasa zenbatekoa den? Eskatu alkoholimetroa."
Ordiziako Udalak gogorarazi nahi du jaiak modu seguruan eta arduratsuan bizitzea guztion ardura dela. Horregatik, herritarrak kanpainan parte hartzera eta behar izanez gero alkoholimetroa erabiltzera animatu ditu.
Errespetuz eta indarkeriarik gabe ospatzeko deia
Ordiziako Udalak aurten ere indarkeria matxistaren aurkako prebentzio eta erantzun protokoloa aktibatuko du, herriko eragileekin eta Koordinadora Feministarekin elkarlanean. Era berean, jaietan informazio-karpak egongo dira indarkeria sexistaren prebentziorako eta alkoholaren kontsumo arduratsuaren inguruko sentsibilizazioa lantzeko.
Halaber, Matutina gauean anbulantzia zerbitzu berezia eskainiko da, ohiko moduan, larrialdi arinei berehalako arreta emateko.
«Festak guztionak dira. Errespetatu ditzagun ingurukoak, zaindu dezagun elkar eta ez dezagun onartu inolako eraso sexista, arrazista edo bestelako indarkeriarik. Guztion ardura da Santa Ana jaiak seguruak, askotarikoak eta atseginak izatea», amaitu du Ezenarrok.