Ordiziak zientzia-fikzioaren, fantasiaren eta beldurraren zaleentzako hitzordu berria hartuko du irailaren 26an. Gaur goizean aurkeztu dute Sagitario A* jaialdiaren Ordiziako lehen edizioa Manex Berzosa Kultura zinegotziak eta ekimenaren sustatzaileetako batek, Luis Mari de Juanek.
Sagitario A* jaialdia Irunen egin zen lehen aldiz 2023an, eta bigarren edizioa 2024an ospatu zen, genero horiei eskainitako erreferentziazko hitzordu bihurtuz. Aurten, jaialdia Ordiziara lekualdatuko da, kultur eskaintza aberasteko eta publiko berriei zientzia-fikzioa, fantasia eta beldurrezko literatura gerturatzeko asmoz.
Manex Berzosa Kultura zinegotziak azpimarratu du Udalak kultura-adierazpen anitzek beren tokia izatea sustatzen duela. «Genero hauek ere beren publikoa eta komunitatea dute, eta Ordiziak topagune izateko aukera paregabea du. Gainera, irakurzaletasuna sustatzeko eta gazteei literaturara hurbiltzeko ekimen interesgarria izango da», adierazi du.
Luis Mari de Juanek azaldu du “jaialdiaren helburu nagusietako bat da zientzia-fikzioari, fantasiari eta beldurrari eskainitako espazio bat sortzea, bai sortzaileentzat bai irakurleentzat”. Aldi berean, “irakurzaletasuna sustatu nahi da, bereziki haur eta gazteen artean, literaturarekiko interesa piztuz”.
Jaialdiaren izenak ere lotura zuzena du genero horien unibertsoarekin. Luis Mari de Juanek azaldu duenez, Sagitario A* Esne Bidearen erdigunean dagoen zulo beltz supermasiboaren izena da. «Unibertsoaren misterio handienetako bat da, eta irudimenari, aurkikuntzari eta ezezagunari lotutako sinbolo ezin hobea iruditu zitzaigun. Horregatik aukeratu genuen jaialdiaren izen gisa», azaldu du.
Mikroipuinen lehiaketa
Egitarauak askotariko jarduerak bilduko ditu: liburu azoka, eleberri eta komikien aurkezpenak, egileekin topaketak, haurrentzako tailerrak, rol-jokoak eta publiko guztientzako bestelako jarduerak.
Horrez gain, zientzia-fikzio, fantasia eta beldurrezko mikroipuinen lehiaketa ere antolatuko da. Lehiaketa edonori irekita egongo da, eta parte-hartzaileek gehienez 200 hitzeko lan original bana aurkeztu ahal izango dute, euskaraz edo gaztelaniaz. Hiru generoetako bakoitzean lan irabazleak 200 euroko saria jasoko du. Lehiaketan parte-hartzeko oinarriak, HEMEN.
Antolatzaileen esanetan, jaialdiak erreferente izan nahi ditu estatuko antzeko ekitaldi nagusiak, eta urtez urte hazten joatea du helburu, kulturaren, literaturaren eta sormenaren inguruko topagune bihurtuz.