Ateak Ireki programan parte hartzen ari diren euskal diasporako gazteek bisita egin dute gaur Ordiziara. Programaren helburua diasporako gazteei Euskal Herria, bere hizkuntza, kultura eta sustraiak bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaintzea da, Euskal Herriarekin duten lotura sendotuz.
Goiza Udaletxean hasi dute, eta bertan harrera egin die Adur Ezenarro alkateak. Ongietorrian, Ordiziaren eta Goierriren historia eta bilakaera azaldu dizkie, eta euskarak herriaren identitatean duen garrantzia nabarmendu du. Era berean, baserriaren, tokiko ekoizleen eta asteazkeneko azokaren balioa azpimarratu du, mendeetan zehar herriaren garapenarekin estu lotuta egon baitira.
Harreraren ondoren, gazteek Ordiziako azoka bisitatu dute. Bertan bazkarirako produktuak erosi dituzte, Idiazabal gazta dastatu dute eta tokiko produktuen kalitatea eta gertutasuna ezagutzeko aukera izan dute. Eguerdian, erositako osagaiekin prestatutako patata-tortila, entsalada eta sagar-tarta dastatuko dituzte; arratsaldean, berriz, erromeria batez gozatzeko aukera izango dute.
Ateak Ireki programaren bidez, diasporako gazteek Euskal Herriko hainbat herri eta eskualde bisitatzen dituzte, bertako bizimodua zuzenean ezagutuz eta euskal komunitatearekin harremanak sendotuz. Ordiziako egonaldiak herriaren izaera, gastronomia eta tradizioak gertutik bizitzeko aukera eskaini die.