Ordiziako Udalak beste urrats bat egin du herritarren beharretara egokitutako zerbitzu publikoak hobetzeko bidean. Azken egunotan, haurren pixoihal aldagailuak jarri dira udalerriko bost komun publikotan: Plaza Nagusian, Garagartza plazan, Bonberia Zaharreko eraikinean, Barrena parkeko komunetan eta Bilordi parkekoetan. Jarduketa hau udal aurrekontuetan jasotako konpromisoetako bat da.
Instalatutako aldagailuen materialen kostua 1.125 eurokoa izan da, eta muntaketa eta instalazio lan guztiak udal brigadako langileek egin dituzte.
Adur Ezenarro alkateak azpimarratu du ekintza txikiek ere eragin zuzena dutela herritarren egunerokoan. "Familien egunerokoa errazten duten neurriak dira hauek. Zerbitzu publikoak hobetzea ez da beti obra handiak egitea; askotan, herritarrek benetan behar dituzten xehetasunak zaintzea da".
Alkateak, gainera, udal langileen lana bereziki eskertu eta nabarmendu nahi izan du. "Azken emaitza ikusten dugu askotan, baina atzean udal langileen lan handia dago. Kasu honetan ere haiek arduratu dira instalazio guztiak egiteaz, profesionaltasunez eta udalaren baliabideak ahalik eta ondoen aprobetxatuz. Haien eguneroko lana funtsezkoa da herriak aurrera egin dezan."
Aldagailuak herritarrek gehien erabiltzen dituzten bost komun publikotan kokatu dira, familiek udalerriko espazio publikoetan erosotasun handiagoa izan dezaten.
Ekimen hau Ordiziako Udalak irisgarritasuna, zaintza eta herritarren ongizatea hobetzeko martxan dituen neurrietako bat da, udal ekipamenduak gero eta erabilgarriagoak eta inklusiboagoak izan daitezen.