Ateak Ireki programako euskal diasporako gazteei harrera

Beasaingo Igartzako jauregian egin da gaur Ateak Ireki programaren harrera instituzionala. Bertan elkartu dira munduko hainbat lekutatik Euskal Herrira etorritako euskal diasporako gazteak eta programa sustatzen duten erakundeetako ordezkariak.

Aurten, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzaren Gaztemundu programa eta Batzen Kultur Elkartearen Ateak Ireki programa bateratu dira, eta, horri esker, guztira 50 gaztek parte hartuko dute egitasmoan. Horietatik 22 Goierriko harrera-familiekin egingo dute egonaldia, eta gainerakoek Busturialdean.

Harrera ekitaldian izan dira Felix Urkola, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatua; Ziortza Olano, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria; Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea eta Goiekiko lehendakaria; eta Adur Ugartemendia, Beasaingo alkateordea

Goierriko udal guztien izenean hitz egin du Ezenarrok, eta eskualdeko udalek programa hau urtez urte babesteko egiten duten ahalegina nabarmendu du. "Goierriko udal guztiok, txikienetik handienera, gure ekarpena egiten dugu Ateak Ireki programa posible izan dadin. Espero dugu euskal esperientzia bete-betean bizitzea, euskarara gerturatzea eta gure herria ezagutzea."

Hiru astez euskal kultura eta euskara gertutik
Larunbatean iritsi ziren Goierrira etorritako 22 gazteak, eta datozen hiru asteetan eskualdeko harrera-familiekin biziko dira. Egonaldi horretan euskal kultura, ohiturak, erakundeak eta ondarea ezagutzeko aukera izango dute, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzea ardatz hartuta.

Programak, gainera, Euskal Herriaren eta munduan zehar sakabanatuta dagoen euskal diasporaren arteko loturak sendotzea du helburu, gazteen arteko harremanak sustatuz eta etorkizuneko sareak eraikiz.

Ateak Ireki egitasmoa laugarren urtez antolatu da Goierrin, eta urtez urte sendotzen ari den ekimena da, harrera-familien, erakundeen eta eskualdeko udalen lankidetzari esker.