Ordiziako Udalak Oiangu parkeko goiko basoan kokatuta zeuden bost parrila kendu ditu, eremu horren balio ekologikoa eta klima-aldaketaren aurrean betetzen duen babes funtzioa zaintzeko helburuarekin. Eremuak erabilgarri izaten jarraituko du herritarrentzat, bertako mahaiak, iturria eta zaborrontziak mantenduko baitira, baina ezingo da bertan surik egin.
Maitane Alvarez Ingurumen zinegotziak Oiangu parkean bertan azaldu duenez, udalaren lehentasuna da espazio hori aisialdirako gune izateaz gain, biodibertsitatearen babeserako eta herritarrentzako babesgune klimatiko gisa mantentzea.
«Oiangu herritarren aisialdirako naturgunea da, baina horrek ez du esan nahi ez dugunik kontuan izan behar babesgune bat ere badela. Arnasgune bat da, eta Ordiziako Udalarentzat oso garrantzitsua da bertako zuhaitzen mantenua eta kontserbazioa», adierazi du Alvarezek.
Goiko basoan nagusiki haritz amerikarrak daude landatuta. Udalak azken urteotan hainbat azterketa egin ditu eremuaren egoera eta balio ekologikoa ezagutzeko. Zuhaitz batzuk zahartze edo gainbehera prozesuan dauden arren, ez dute arriskurik sortzen, izan ere, arriskutsuak izan zitezkeen aleak aurretik kendu ziren. Aldi berean, bertako haritzaren berreskurapenean ere lanean ari da Udala.
«Baso honek balio handia du biodibertsitatearen ikuspegitik. Egindako azterketek erakutsi dute intsektu espezie ugari bizi direla bertako zuhaitzetan, eta hori guretzat oso garrantzitsua da. Horregatik, baso honen kontserbazioa lehentasunezkoa da», nabarmendu du zinegotziak.
Testuinguru horretan hartu da parrilen inguruko erabakia. Azken urteetan gero eta gutxiago dira Gipuzkoan erabilera horretarako prestatutako guneak, eta klima-aldaketaren ondorioz bero-boladak gero eta ohikoagoak dira. Aste honetan bertan muturreko tenperaturengatik alerta gorria ezarri da, eta egoera horietan sute-arriskua nabarmen handitzen da.
Gainera, Oianguren etorkizunari buruz egindako partaidetza prozesuan ere espazioaren zaintza eta kontserbazioa indartzeko beharra azaleratu zen.
Kendutako bost parrilen artean, egoera onean zegoen berriena parkeko beheko zelaietara lekualdatuko da. Gainerako laurak, berriz, egoera txarrean zeuden eta ez zuten suteak modu egokian kontrolatzeko bermerik eskaintzen.
Dena den, parkeko erdiko zelaian kokatutako parrilek erabiltzeko moduan jarraituko dute. Udalak gogorarazi du horien erabilera arduratsua izan behar dela, eta tenperatura altuen edo sute-arriskuaren ondoriozko abisu edo alerta egoeretan ezin izango direla erabili. Egoera horien berri emango du Udalak dagokion unean.
«Horrelako espazioak gero eta beharrezkoagoak dira larrialdi klimatikoari aurre egiteko. Oianguk babesgune klimatiko gisa betetzen duen funtzioa zaindu eta indartu nahi dugu», adierazi du Alvarezek.
Azkenik, Ordiziako Udalak gogorarazi du erabat debekatuta dagoela etxetik ekarritako parrilen erabilera edo sua egitea horretarako bereziki prestatuta ez dauden eremuetan.