Gipuzkoan Gazte Tour 2026 Ordiziara iritsiko da ekainaren 5ean eta 6an
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kultura eta Gazteria Departamentuaren bidez, Gipuzkoan Gazte Tour 2026 programaren geldialdi berri bat antolatu du Ordizian. Ekimenaren helburua da lurraldeko gazteei gaur egungo kultura-proposamen parte-hartzaileak eta sormen-hizkuntzei lotutako jarduerak hurbiltzea.
Jarduerak ekainaren 5ean eta 6an egingo dira, prestakuntza eta musika uztartuko dituen egitarauarekin.
Ostiralean, ekainaren 5ean, 18:00etatik aurrera, dantza-masterclass bat izango da Dorretxen (Amezketa kalea 2). Saioa Maitane Perez Madrazo dantzari eta irakasleak eskainiko du. 2019an hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta gaur egun bere jardun artistikoa irakaskuntzarekin, ekitaldien antolakuntzarekin eta hip hop prestakuntzarekin uztartzen du. Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman behar da.
Larunbatean, ekainaren 6an, 19:00etan, Garagartza plazak udaberriko edizio honetako kontzertu nagusia hartuko du. Aimarz eta ASFA izango dira karteleko artista nagusiak, eta Nerea Garcia artista ordiziarra arduratuko da emanaldiari hasiera emateaz. Jardunaldia Undercarrot DJaren saioarekin amaituko da.
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak azpimarratu duenez, “aurten ere Gipuzkoan Gazte Tourren geldialdia izango dugu Ordizian. Gazteei zuzendutako ekimenak ezinbestekoak dira haien interesak eta beharrei erantzuteko, eta horregatik egiten dugu urte osoan ahalegin berezia gazteentzako eskaintza erakargarria sustatzeko. Kulturak ere gazteengana iritsi behar du, haien hizkuntza eta interesekin bat eginez, eta Gipuzkoan Gazte Tour bezalako ekimenek aukera hori eskaintzen dute. Ziur gaude aurtengo kontzertuek ere giro aparta sortuko dutela eta gazte askoren topagune izango direla”.
Ordiziako kartelak proposamen sendoak eta sortzen ari diren artistak uztartzen ditu. Aimarz, Zumarragako artista gaztea, euskarazko musikaren eszenan nabarmentzen ari da, bereziki Entzun dezatela abestiaren arrakastaren ondoren. ASFAk, berriz, 2025ean hasi zuen bere bakarkako ibilbidea, eta gaur egungo soinu urbanoetan oinarritutako zuzenekoa eskainiko du.
Bestalde, Nerea Garciaren parte-hartzeak tokiko talentuaren aldeko apustua indartzen du. Gaztetxe, taberna eta aretoetan lehen urratsak eman ondoren, artista ordiziarrak bere ibilbidea zabaltzen jarraitu du, Bartzelonan prestatuz eta Paral·lel 62, Rouge eta Razzmatazz bezalako aretoetan jardunez.
Gipuzkoan Gazte Tour 2026 programak udazkenean izango du jarraipena lurraldeko beste herri batzuetan, Gipuzkoako gazteei zuzendutako musika eta prestakuntza proposamen berriekin.






