Ness By Esti Garcia saltokia saritu du Gipuzkoako Ganberak

Ordiziako NESS by Esti Garcia saltokiak Gipuzkoako Ganberaren aitortza jaso du Euskal Retail Eskolaren kategorian, etengabeko prestakuntzaren, berrikuntzaren eta hobekuntza jarraituaren alde egindako apustuagatik.

Donostian egin den Gipuzkoako Merkataritza Sarien XXXII. edizioan banatu dira aitortzak. Bertan, Gipuzkoako merkataritzaren alorrean erreferente diren hainbat proiektu saritu dituzte, eta horien artean dago Ordiziako NESS by Esti Garcia.

25 urte baino gehiagoko ibilbidea duen saltokia emakumeentzako moda eta osagarrien concept store multimarka da. Esti Garciaren gidaritzapean, negozioak eraldaketa nabarmena izan du azken urteotan, bezeroaren esperientzia erdigunean jarriz eta aholkularitza pertsonalizatuaren aldeko apustua eginez.

Gipuzkoako Ganberak bereziki nabarmendu du establezimenduak prestakuntzaren alde egindako lana. Esti Garcíak modu aktiboan parte hartu du ikastaro, kongresu, webinar, joera-misio eta aholkularitza espezializatuetan, jasotako ezagutzak bere negozioan txertatuz eta etengabe berrituz.

Epaimahaiak, halaber, negozioaren jarrera proaktiboa, berrikuntzarako gaitasuna, ikaskuntza etengabearekiko konpromisoa eta sektoreko beste merkatariekin lankidetza sustatzeko erakutsitako borondatea azpimarratu ditu.

Aurtengo edizioan, Donostiako Pescadería Espek jaso du Gipuzkoako Merkataritza Saria, eta IKO Igeldoko Kooperatibak Merkataritza Jasangarriaren saria. Horrez gain, "10 Bitxiak" kategorian, Gipuzkoako hamar eskualdeetako merkataritza erreferente bana aitortu dute.

Ordiziako Udalak zorionak eman nahi dizkio NESS by Esti García saltokiari jasotako aitortzagatik. Sari honek tokiko merkataritzaren kalitatea, profesionaltasuna eta berritzeko gaitasuna agerian uzten ditu, eta Ordiziak merkataritza bizi, dinamiko eta erreferentziazkoa izaten jarraitzen duela erakusten du.