Garagunea Zuhaizti Zentroan ari da jardunean, Ordiziako egoitzako berritze lanek iraun bitartean

Garaguneko erabiltzaileak Zuhaizti Gizarte Zentroan ari dira jardunean azken asteetan, Ordiziako egoitzan egiten ari diren berritze lanek iraun bitartean. Ordiziako Udalaren laguntzarekin egin da lekualdaketa, eta gaur bertan izan dira bisitan Adur Ezenarro alkatea eta Ainhoa Jimenez eta Jon Ander Caballero zinegotziak, egokitzapena gertutik ezagutzeko.

Eli Dacuña Garaguneko koordinatzaileak azaldu duenez, lekualdaketa egin aurretik erabiltzaile bakoitzaren beharrak identifikatu zituzten, trantsizioa ahalik eta egokiena izan zedin. Erabiltzaileek eurek ere modu positiboan baloratu dute herrigunean jarraitzeko aukera.

Komunitatearekin lotura estua

Garaguneak 2007an ireki zituen ateak Ordizian, Goierri mailako zerbitzua eskaintzeko helburuarekin, eta ordutik herriko egunerokoan parte aktiboa izan da. Goazen Ordizia ekimenean, San Silbestrean, Olentzeron edo herriko ikastetxeekin elkarlanean parte hartu izan du, besteak beste, komunitatearekin lotura estua eraikiz.

Ia 20 urteko ibilbidearen ondoren, instalazioak berritzeko prozesuari ekin dio Garaguneak, erabiltzaileei espazio eta arreta hobeak eskaintzen jarraitzeko helburuarekin. Berritze lanek iraungo duten bitartean, Zuhaizti Gizarte Zentroan izango dute behin-behineko egoitza.