Seaskako Azterketak Euskaraz! taldearen mozioa onartu du Ordiziako Udalak
Partaidetza eta komunikazioa
Baxoa euskaraz egin ahal izatea babesteko Seaskako Azterketak Euskaraz! taldearen mozioa onartu du Ordiziako Udalak maiatzeko Osoko Bilkuran, aho batez.
2026ko Baxoaren azterketak euskaraz pasatzearen aldeko sostengu mozioa
- Ikusirik Hezkuntza Kodearen 121-3 artikulua, azterketa eta konkurtsoetan eskualdeko hizkuntzen lekua aitortzen duena.
- Ikusirik 2021eko abenduko zirkularra, hezkuntza sisteman « eskualdeetako hizkuntzen » sustapenari eta balorazioari buruzkoa, non aurreikusia den « Baxoan azterketak eskualde hizkuntzan aurkezten ahal » direla.
- Kontuan hartuz, 2012tik euskarazko irakaskuntza segitzen zuten ikasleek, 2019ko erreforma arte, Baxoaren azterketa batzuk euskaraz pasatu zitzaketela, zehazki matematika eta historiageografia.
- Kontuan hartuz 2025eko ekainean argitaratu den ministeritzaren erabakiak, matematika azterketa aitzinatuko ibilmoldeari buruz, ez duela zehazten zein hizkuntzatan erantzun behar den, eta ondorioz orain arteko praktika bermatzen duela.
- Kontuan hartuz hunkituak diren ikasleak, 2025-2026 ikasturtearen hastapenetik, azterketa hori euskaraz egiteko prestatu direla, aitzineko urteen jarraipenean, eta orain arte ez zaiela kontrakotasunik jakinarazi.
- Kontuan hartuz prestakuntza hori Hezkuntzaren zerbitzu publikoaren konfiantza eta jarraipen printzipio batean oinarritzen dela.
- Kontuan hartuz 2026ko ekaineko matematika azterketa aitzinatua euskaraz pasatzeko debeku baten iragartze berantiarra haustura bortitza eta arrazoirik gabekoa dela.
- Kontuan hartuz erabaki horrek ehun ikasle baino gehiago zailtasunean ezartzen dituela eta segurtasunik gabeko egoera pedagogiko bat sortzen duela eta gazte hauen etorkizunerako ondorioak dituela.
- Kontuan hartuz Frantziako Hezkuntza ministroak Baxoan hizkuntza minorizatuen lekua bermatzeko 2027rako neurriak hitzeman dituela, eta 2026ko azterketa aitzinatua egutegi horretan sartzen dela.
- Kontuan hartuz 2012 urtetik abiatua zen matematiketako esperimentazioa segitzea aterabide erraza, pragmatikoa eta errespetuzkoa litzateke ikasleentzat eta Estatuaren engaiamenduaren adierazgarri.
- Kontuan hartuz azterketak euskaraz aurkezteko hiru sareek (publikoak, pribatuak eta Seaskak) sustengatzen duten eskaera dela, eta eskaera hori aho batez sustengatua dela Ipar Euskal Herriko parlamentari eta ordezkari instituzionalen aldetik.
ORDIZIAKO udalak:
- - Sustengu osoa adierazten die euskarazko irakaskuntzan sare ezberdinetan ari diren ikasle, familia eta hezkuntza taldeei.
- - Galdegiten dio Bordeleko akademiako errektoreari, behin behinean, euskaraz pasatzeko aukera atxikitzea, 2012tik indarrean den esperimentazioaren jarraipen gisa, Matematika azterketa aitzinatua Lehen mailako ikasleentzat;
- - Dei egiten dio Frantziako Hezkuntza ministroari, 2026ko ekaineko azterketetan «eskualdeko hizkuntzen» egiazko konsiderazioa berma dezan, luzamendurik gabe, bereziki matematikako aurreratu azterketan, Lehen mailako ikasleentzat eta Ahozko Proba Handian, Terminaleko ikasleentzat.
- - Oroitarazten du hizkuntza gutiagotuen aldeko diskurtsoak ekintza zehatz eta koherenteetan islatu behar direla;
- - Goraki aldarrikatzen du Euskararekiko atxikimendua, gure lurraldeko ondare bizia baita.





