Gaztandegi berriaren obrak azken txanpan sartzera doaz

Adur Ezenarro Ordiziako alkateak gaur bertatik bertara bisitatu ditu Arana kaleko 17. zenbakian kokatuko den gaztandegi bisitagarri berriaren obrak, eta lanen bilakaera egokia azpimarratu du. Proiektu hau Ordiziako turismo lerroko NEXT diru-laguntzen bitartez finantzatu da, ‘Ordizia, lurraldea dastatzen’ proiektuaren baitan, eta herriaren nortasunarekin estuki lotutako jarduera bati —artzain munduari eta Idiazabal gaztari— balio erantsia ematea du helburu.

Ordiziako Udalak 1990etik Zuhaizti azpian egon den gaztandegiaren eredua berritzeko apustua egin du, aurreko azpiegiturak zaharkituta egoteaz gain, ez zutelako gazta egiteko prozesua bisitariei erakusteko aukerarik eskaintzen. Arana kaleko kokapen berriak, ordea, handiagoa, argi naturala eta bisita gidatuak egiteko baldintza egokiak bermatuko ditu, ekoizpena eta esperientzia turistikoa modu integratuan uztartuz, baina era berean biak ondo bereiziz.

Bisitagarria izango den Idiazabal gaztaren ekoizpen gune berria

Proiektua Eitzen Arkitektura enpresak garatu du, eta espazioa bi solairutan antolatu da, ekoizpen gunea eta bisitarientzako ibilbidea bereizita, baldintza sanitario guztiak ondo betetzeko. Bisita Arana plazatik hasiko da, harrera gunean eta ikus-entzunezko baten bidez Idiazabal gaztaren historia eta balioa ezagutuz, eta ondoren, bisitariek  zoruan irekitako zuloen eta beirazko irekiduren bitartez zuzenean ikusi ahal izango dute azpiko solairuan emango den gazta egiteko prozesua zein ontze-kamaretako bilakaera. Esperientzia dastaketa batekin osatuko da, inguruko paisaiaz gozatzeko aukera eskainiz.

Ekimenak ikuspegi zabalagoa ere badu, Aralarko artzaintza tradizionala eta ardi latxaren balioa lehen lerroan jarriz. Ildo horretan, proiektu bereko parte den eta eraberritze prozesuan dagoen D’Elikatuz interpretazio zentroari gehitzen zaion esperientzia osagarri bezala sortzen da, non gaztaren eta lurraldearen inguruko testuingurua eskainiko zaien bisitariei, eta handik gutxira, 250 metro baino gutxiagora, gaztandegian bertan ibilbideak jarraitzeko aukera eskainiko den.

Proiektuak etorkizunari ere begiratu nahi dio, artzaintzan hasi nahi duten gazteentzat aukera berriak sortuz eta sektorearen belaunaldi-erreleboa indartuz.

Bisitariek esperientzia osoa bizitzeko aukera izango dute, ekoizpena bertatik bertara ikusiz, gazta dastatuz eta produktua zuzenean eskuratuz, jasangarritasuna eta efizientzia energetikoa oinarri izango dituzten instalazio modernoetan.

Gaztandegi berriak 528.360,40 euroko inbertsioa du (639.316,01 euro BEZ barne), eta Next Generation EU funtsen turismo-lerroaren barruan garatzen ari da. Proiektua “Ordizia, Lurraldea Dastatzen” estrategiaren baitan kokatzen da, D’Elikatuz zentroaren modernizazioarekin eta Oiangu aterpetxearen egitasmoarekin batera.

“Geure nortasunaren muina”

Adur Ezenarro alkatearen hitzetan, «gaztandegi berri honek Ordiziaren nortasunaren muina indartzen du, Aralar, artzaintza, Idiazabal gazta eta azoka uztartzen dituelako. Bisitariei eskainiko zaien esperientziak kalitatezko turismo jasangarria sustatuko du, eta aldi berean gure artzainen jarduera eta etorkizuna sendotzen lagunduko du».

Alkateak adierazi du obrak aurreikusitako epeen arabera doazela, eta ekainerako amaitzea aurreikusten dela.