Ordiziako Etxebizitza Planak hasierako onarpena jaso du
Ordiziako Udalak hasierako onarpena eman dio Etxebizitza Planari (2026-2029) apirileko Osoko Bilkuran. Plan honek datozen hiru urteetan udalerriko etxebizitza-politikak antolatu eta bideratzeko marko estrategikoa ezartzen du, helburu nagusi batekin: herritar guztiek etxebizitza duin eta eskuragarri bat izatea.
Planaren oinarrian egindako diagnostikoak agerian utzi du etxebizitzarako sarbidea ez dagoela bermatuta Ordizian, eta arazoa bereziki larria dela gazteen, errenta baxuko pertsonen, emakumeen eta atzerrian jaiotako herritarren artean. Izan ere, etxebizitza eskatzaileen gehienak Ordizian bertan bizi nahi duten gazteak dira, eta haien lehentasun nagusia alokairua da.
Testuinguru horretan, planaren misioa da etxebizitza-premiei erantzuteko politika publikoak proposatu, adostu eta gauzatzeko baldintzak sortzea. Aldi berean, bisio argia finkatzen du: herritarrek etxebizitza duina eskuratu ahal izatea, gehienez ere diru-sarreren %30 bideratuta, eta horren bidez kohesio soziala indartzea eta etxebizitzaren funtzio soziala bermatzea.
Ardatz nagusiak
Helburu horiek lortzeko, Etxebizitza Planak hainbat ildo estrategiko jasotzen ditu. Alde batetik, alokairu eskuragarria sustatzeko neurriak aurreikusten dira, hala nola babes publikoko etxebizitzen parkea handitzea, alokairuko eskaintza indartzea eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzea. Bestetik, etxebizitza hutsak merkatura bideratzeko ekintzak jasotzen dira, haien funtzio soziala berreskuratzeko helburuarekin. Hirugarrenik, eraikinen parkea hobetzeko eta hiri-birgaitzea bultzatzeko jarduerak aurreikusten dira, besteak beste lokal hutsen erabilera aldaketak eta etxebizitzen egokitzapenak sustatuz. Horrez gain, alokairurako prestazio eta diru-laguntza sistemak indartzea aurreikusten da, bereziki gazteen emantzipazioa eta kolektibo zaurgarrien babesa errazteko. Azkenik, gobernantza eta erakundeen arteko koordinazioa sendotzea jasotzen da, planaren jarraipen eta ebaluazio mekanismo egokiak ezarriz eta beste erakundeekin lankidetza indartuz.
Neurrien artean, nabarmentzekoa da alokairuko etxebizitza babestu berrien sustapena, dagoeneko martxan dauden hainbat garapenen bidez, hala nola San Joan eta Floreaga eremuetan aurreikusitako promozioekin. Era berean, etxebizitza hutsak aktibatzeko programak indartuko dira, eta gazteei zein kolektibo zaurgarriei zuzendutako laguntza-sistemak sendotuko dira.
Plana, gainera, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenarekin estu lotuta dago, eta udalerriko etxebizitza-politiketan ikuspegi integralago bat txertatzeko oinarri izango da. Etxebizitza Plan honen onarpenarekin HAPO berriaren oinarria finkatzen duen zikloa ixten da, Landa herri bideen inbentarioa, Mapa morea, Irisgarritasun Plana, Mugikortasun Plana, Klima eta Energia plana, Zarata Mapa, Etxebizitza diagnostikoa, Etxebizitza hutsen jarraipena egiteko aplikazioa, edo Mariarats arroa berroneratzeko azterlanak osatzen duten dokumentu multzoak, Ordiziak etorkizunean aurre egin beharreko erronkei erantzuteko norabideak finkatzen baititu.
Hasierako onarpena eman ondoren, dokumentua jendaurrean jarriko da hilabeteko epean, herritarrek eta interesdunek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten. Alegaziorik aurkezten ez bada, plana behin betiko onartutzat joko da.
Adur Ezenarro alkateak “etxebizitza ez dela soilik merkantzia bat, baizik eta funtzio sozial nabarmena duen eskubidea, eta plan honen bidez pauso sendoak eman nahi dituela herritar guztientzat etxebizitza eskuragarriagoa bermatzeko”.





