Ordiziak argiteria publikoa hobetzen jarraitzen du, plangintza eta ikuspegi integral batekin

Leykolan enpresak aste honetan ekingo dio Ordiziako gune ezberdinetako argiteria publikoa berritzeari. Jarduketa hau Ordiziako 2030 Ekintza Planaren barruan kokatzen da, zehazki CO₂ emisioak %30 murrizteko helburua duen 14.5 ekintzaren barruan, eta udalerriko argiteria sistema pixkanaka LED teknologiara egokitzen jarraitzea du xede.

Urtarrilean iragarri bezala, udalerri osoan zehar guztira 112 luminaria zahar gehiago ordezkatuko dira LED motako luminaria eraginkorragoekin, eta horri esker, energia-kontsumoa gutxienez %75 murriztea aurreikusten da. Horrek energia-eraginkortasuna handitzeaz gain, CO₂ emisioak gutxitzea eta mantentze-kostuak murriztea ekarriko du. San Bartolome auzoan, N-I errepiderako irteeran, Egutera bidean, Santa Ana aparkalekuan, eta Sanperion, Arana eta Arramendi kaleetan egingo dira esku-hartzeak. Halaber, beste eremu batzuetan ere jardungo da.

Testuinguru honetan, Udalak Joseba Rezola pasealekuan egingo den esku-hartzea nabarmendu nahi du. Bertan zeuden luminariak berritzeaz gain, orain, hiru farola berri gehiago jarriko dira, espazioaren argiztapena eta segurtasuna hobetzeko. Guztira bost farola instalatzea da asmoa, baina fase honetan hiru jarriko dira, gaur egun dagoen azpiegiturari esker.

Gainerako bi farolak, Joseba Rezola 6-8 eraikinaren aurrean kokatuko direnak, aurten bigarren fase batean, jarduketari jarraipena emanez.

Argiteriaren %83,8 LED sistema

Gaur egun, Ordiziak guztira 1.530 luminaria ditu. Orain burutuko den azken aldaketa honekin, 1.282ek LED teknologia izango dute (%83,8), azken lau urteetan egindako inbertsioei esker. Horren ondoren 247 luminaria (%16,2) geratuko dira oraindik berritzeko, udalerriko argiteria osoa LED sistemara egokituta egon dadin. 

Datuek eraskuten duten moduan, Udala gauzatzen ari den lana ez da  jarduketa isolatu bat, baizik eta udalerri osoan azken urteotan modu progresiboan garatzen ari den estrategia baten parte da. Izan ere, gaur egun Ordiziako argiteria sarearen zati handi bat dagoeneko LED sistemara egokituta dago, eta helburua da 2030a baino lehen udalerri osoan sistema berria ezarrita izatea.

Esku-hartze hau, beraz, jasangarritasunarekin, energia-eraginkortasunarekin, espazio publikoen kalitatearekin eta herritarren segurtasunarekin, hau da Ordizia hobeago ba lortzeko Udalak duen konpromisoan beste urrats bat gehiago da.