Santa Ana jaien inguruan herritarren iritzia jaso du Udalak

Ordiziako Udalak herritarren iritzia jaso nahi du Santa Ana jaien inguruan, datozen urteetako jaiak hobetzeko helburuarekin. Horretarako, galdetegi bat jarri du herritarren eskura, eta parte hartzera gonbidatu ditu ordiziarrak.

Zein da gehien gustatzen zaizun ekitaldia? Zer botatzen duzu faltan? Nola hobetu daitezke jaiak? Galdera horiei eta beste batzuei erantzuteko aukera izango dute herritarrek, euren iritzia eta proposamenak partekatzeko asmoz.

Ekimen hau Jai Batzordeak bultzatu du. Azken hilabeteetan jai nagusien inguruko hausnarketa irekia egiten ari dira, eta herritarren ekarpenak ezinbestekoak dira, behar eta nahi guztietara egokitzeko.

Horregatik, Udalak herritarrak animatu nahi ditu bertan parte hartzera eta inguruan zabaltzera. Galdetegia HEMEN bete daiteke. 

Jai Batzordearen bilera

Bestalde, Jai batzordearen hurrengo bilera datorren apirilaren 29an, asteazkenean, izango da, 18:30ean, Barrenako Biltzar Aretoan. Bilera irekia izango da, eta herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera eta euren ekarpenak zuzenean egitera.