Ordiziako baratzeetako erabiltzaile izateko izen ematea bihar irekiko da

San Juan auzoan kokatzen da Ordiziako baratze-parkea. 2018an 35 partzelekin inauguratu zen, baina herritarren eskariari erantzunez 2020an beste 24 partzela berri sortu ziren, beraz, guztira 59 partzela ditu gaur egun Ordiziako Baratze Parkeak. Bertan, herritarrek haien produktuak ekoizteko aukera izaten dute. Orain, 31 partzela esleitzeko epea zabaldu da eta 2029ko urte amaiera arte erabili ahalko dira.

Baratza bat eskuratu nahi duenarentzat izen ematea zabalduko da apirilaren 21etik maiatzaren 8ra bitarte, biak barne.

Edozein herritarrek du parte hartzeko aukera eta interesdunek arreta bulegoan edo erregistro elektroniko bitartez aurkeztu beharko dute eskaera.

Izena emateko baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa

ESKAERA ORRIA

Baratzetako zerrendan sartzeko ezinbestekoa izango da Ordizian erroldatuta egotea gutxienez azken bi urteetatik. Horrez gain, onuradunek ondorengo baldintzak ere bete beharko dituzte:

  • Aisialdiko baratze ekologikoan nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko gaitasun fisikoa izatea.
  • Adingabeen eskaerak aitaren, amaren edo tutorearen bermearekin batera aurkeztu beharko dira, eta pertsona heldua izango da arduraduna arautegi honen ondorioetarako.
  • Ordiziako Udalarekiko zerga betebeharren eta bestelakoen ordainketa eguneratuta izatea.
  • Beste baratze ekologiko baten erabiltzaile den familia unitate bateko kide ez izatea.
  • Eskatzaileak zein familia unitateko kideetako inork Ordizian ez izatea nekazaritza jarduerarako balio duen landa lurrik, ez jabetzan, ez usufruktuan, ez errentan.
  • Aisialdiko baratze ekologikoak eduki izan dituenean, arautegi honetan jasotakoa ez betetzeagatik zigorrik jaso ez izana.

Izena emateko, halaber, interesdunek eskaera inprimakiak bete eta horiek arreta bulegoan edo erregistro elektroniko bitartez aurkeztu beharko dituzte. Horrekin batera, ondorengo dokumentazioa ere aurkeztu beharko da:

  • NANaren edo legez horren ordezkoa den dokumentuaren fotokopia
  • Pentsioduna, erretiroduna, langabea edo gizarte-larrialdietarako laguntza jasotzailea izatearen egoera egiaztatzen duen dokumentua, hala izanez gero.

Behin izen emate epea amaituta eta eskaera guztiak jasota, Udalak onartu eta baztertuen zerrenda argitaratuko du eta 5 eguneko epea zabalduko du erreklamazioak egiteko.

Epe hori pasata, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda osatu eta geratzen diren partzelak zozketatuko ditu Udalak. Zozketan baratza tokatu ez zaion herritarrekin itxaron-zerrenda berri bat osatuko da.