Idiazabal gazta, "jakinduria, tradizioa eta izaera"
Gaur, apirilak 8, Artzain Egunaren 32. edizioa ospatu da Ordizian. Herriko kaleetan gozatu ahal izan den aparteko azokaz gain, Idiazabal Gazta berriaren denboraldiari hasiera eman zaio, udaletxean egin den ekitaldian. Artaldeak herrigunea zeharkatu du, eta urtero bezala, artzainak eta gazta izan dira protagonista, Udalak, ELE Latxa Ardiaren Elkartea, Lurgintza, Idiazabal Gaztaren Jatorri Izendapena eta Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiarekin batera antolatzen duen egun handi honetan.
Artzainen garai bateko transhumantzia eta ardiak uda garaian mendiko larreetara eramateko ohitura gogoratuz, 1.500 buruk, bost artaldetan banatuta, Ordiziako herrigune historikoa zeharkatu dute. Maiatzaren lehenarekin batera hasi ahal izango dute artzainek ardiak Aralarko goi larreetara igotzen.
Gazta berria ebakitzeko ekitaldia
Segidan, Idiazabal Gazta berriaren denboraldiari hasiera ematen dion ekitaldia egin da udaletxeko batzar aretoan. Aurten, Hondarribiako (Gipuzkoa) Alameda jatetxeko Gorka Txapartegi sukaldariak izan du gazta ebakitzeko ardura. Ekitaldian, Jose Ramon Aguiriano ostalari eta gastronomo arabarra omendu da, Idiazabal Gaztaren sustapenean egiten duen lanagatik. Gainera, erregulartasun sariak banatu dira: La Vasco-Navarra gaztandegia eta Eneko Goiburu Segurako Ondarre gaztandegiko artzaina izan dira sarituak.
Ekitaldiaren hasieran, Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez “Ordiziak Idiazabal gaztarekin eta lehen sektorearekin duen lotura historikoa berretsi nahi izan du, Artzain Egunaren bidez, gure sustraiak, nortasuna eta tradizioak aldarrikatuz. Gazta berriaren etorrerak eta latxa ardien zikloak naturarekin dugun harremana gogorarazten digute, eta bide horretan, artzain, gaztagile eta sektoreko eragileen lana ezinbestekoa dela azpimarratu nahi dugu. Horregatik, konpromiso hori indartzen jarraituko dugu, besteak beste, bisitagarria izango den gaztandegi berriarekin, gure produkturik preziatuena balioan jartzeko. Aldi berean, dei egiten diegu erakundeei azokak eta salmenta zuzena babesten jarraitzeko, eta herritarrei bertako eta sasoiko produktuak kontsumitzeko, kate hori eten ez dadin.”
Felix Ajuria Idiazabal Gaztaren Jatorrizko deituraren Lehendakariak hartu du jarraian hitza. Gaztandegi bisitagarri berriari ere egin dio erreferentzia; “espero dugu laster aurkeztu ahal izatea”. Jarraian, gaurko sarituei “zorionak eman” nahi izan dizkie, “Idiazabal osatzen dugun artzain eta gaztagileen etengabeko hobekuntza nahia islatzen baitute.” Bestalde, gogoratu duenez, “iazko kanpaina ona izan zen ekoizpenaren aldetik, %10eko hazkundearekin, eta tokiko kontsumitzaileen babesari esker ilusioa eta emozioa sortzea lortu genuen. Hala ere, erronkak baditugu, bereziki esnea industriara saltzen duten artzainen egoeran; horregatik, erakunde eta eragile guztiei elkarlanean lanean jarraitzeko deia egiten diet, aurtengo kanpaina ere ilusioz betea izan dadin.”
Libe Otegi Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismoko zuzendariaren hitzetan ”eskerrik asko, ohore bat da hemen egotea. Turismo zuzendaritzatik azpimarratu nahi dut hemen egiten duzuen lana funtsezkoa dela; izan ere, estandarizazioaren mehatxuaren aurrean, ohiturak mantentzeak eta tokiko izaera bizirik eta eguneratuta gordetzeak balio handia du.”Bestalde, “lan horrek aukera ematen digu benetako turismoa sustatzeko, gure nortasun propioan oinarrituta eta turismo jasangarriaren alde eginez. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet Goierri Turismoari egindako lanagatik, eta gure aldetik, Gaztaren Ibilbidea, Ordiziako Azoka eta Delikatuz bezalako baliabideak sustatzen jarraituko dugu.”
Joseba Aranburu Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritza eta Lurralde Orekako zuzendariak adierazi du:“Aurten Larreen eta Artzainen Nazioarteko Urtea dela eta, artzaintzari aitortza bikoitza egin behar diogu, sektore honek paisaia eta biodibertsitatea zaintzen eta gure kultura bizirik mantentzen duen funtsezko lana aitortuz.” Bestalde, “herritarrei dei egiten diegu artzaintza babestu eta indartzeko, bertako produktuak kontsumituz; izan ere, artzaintza gure iragana ez ezik, etorkizuna ere bada. Era berean, emakumeek artzain munduan egiten duten ekarpena nabarmendu nahi dugu. Azkenik, gogorarazi du “paisaiarik gabe ez dagoela nortasunik, eta artzaintzarik gabe ez dagoela paisaiarik.”
Jakes Agirrezabal, Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak adierazi du:“Turismoren ikuspegitik, Euskadi kanpoan saltzerakoan, irudia beti izaten da mendi bat, larre bat edo ardiak, gure nortasunaren ikurra direlako. Benetakoak diren gauzak saldu nahi ditugu. Horri gehitzen badiogu mila ardi baino gehiago herrigunea zeharkatzen, zalantzarik gabe erakargarri egiten gaitu, eta jendea etortzen da. Behin hemen daudela, ikusten dutena egia dela ikustea oso garrantzitsua da, errealitate bat dela, eta sektoreak lan handia egiten du bide horretan. Berritu, eraldatu eta denborarekin aurrera doa. Guk perspektiba turistikotik errekurtso guztiak bultzatzen jarraituko dugu.”
Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak adierazi du:“Eskerrik asko antolatzaileei eta gaurko protagonistenei, artzainei. Gaur ez gara produktu on bat ospatzera bakarrik etorri, lana ospatzera ere bai. Hori da gaur benetan aitortu nahi duguna: artzaina izatea bizimodu bat da, gure herriaren nortasunaren parte, mendiarekin, lurrarekin eta urtaroekin lotuta, erritmo propioa duena eta askotan isilean egiten dena, gure gizartearentzat beharrezkoa. Gure paisaia zaintzeaz gain, gure ondarea mantentzen duzue, benetako sustraia eta etorkizuna dena. Aitortza hau erabat beharrezkoa da. Eta hau ez da iraganeko zerbait, etorkizuna ere bada.” Gauzak horrela, etorkizuneko erronkei aurre egiteko ”erakunde guztien artean lan egin, entzun eta neurri erabilgarriak hartu behar dira”. ”Gure konpromisoa lanean jarraitzea eta epe luzera begiratzea da. Kalitatea eta sustraia eskutik doaz. Bukatzeko, eskerrik asko artzainei.”
Jose Ramon Aguirianori omenaldia
Artzain Egunaren baitan, aurten omenaldi berezia egin zaio Jose Ramon Aguiriano Barron ostalari eta gastronomo arabar ezagunari, bere ibilbide oparo eta Idiazabal gaztaren alde egindako lanagatik. Ostalari familia batean hazia, gaztetatik sukaldaritzari lotuta egon da, eta bere gidaritzapean Dos Hermanas jatetxeak bilakaera nabarmena izan zuen, sukaldaritza tradizionala berritu eta kalitatezko proposamenekin erreferente bihurtzeraino.
Bere ibilbide profesionalean zehar, lehen sektorearekiko eta kalitatezko lehengaiekiko konpromiso sendoa erakutsi du Aguirianok, eta azken hamarkadetan bereziki nabarmendu da Idiazabal gaztaren sustapenean. Jatorri Izendapeneko dastaketa panelean parte hartu zuen lehen taldeetako kide izan zen, eta urte luzez erreferente eta enbaxadore lanak egin ditu, lehiaketetan epaile gisa nahiz dastaketa gidatuen bidez. Bere lanari esker, belaunaldi ezberdinetako herritarrak Idiazabal gaztaren balioez jabetu eta harekin maitemintzea lortu du.
Erregulartasun Sariak
Gainera, ekitaldi berean, Idiazabal Gaztaren erregulartasun-kalitate sariak ere banatu dira. Sari hauen bidez, artzainen eguneroko lan zorrotza saritu nahi da. Horretarako, Idiazabal Jatorri Izendapeneko dastatze batzordeak 2025ean egindako dastatze saio ofizialen emaitzak hartzen dira kontutan. Aurten La Vasco-Navarra gaztandegia eta Eneko Goiburu-Ondarre gaztandegia (Segura, Gipuzkoa) izan dira sarituak.
La Vasco-Navarra gaztandegiak (Olazti, Nafarroa), Gaztandegi mailako erregulartasun saria jaso du, urte osoan zehar kalitate maila altua modu jarraituan mantentzeagatik. Dastatze saioetan lortutako emaitzek erakutsi dute gazta bakoitzean oreka, nortasuna eta kalitate estandarrak bermatzeko gaitasun sendoa dutela, ekoizpen prozesuaren kontrol zorrotzari eta lehengaien zaintza arduratsuari esker. Aitortza honek balioan jartzen du eguneroko lan isila, zeinak azken emaitzan bikaintasuna eta fidagarritasuna bermatzen dituen.
Artzai-gaztaren kategorian, Eneko Goiburuk (Ondarre, Segura) jaso du aurtengo erregulartasun saria. Ondarre baserrian, gutxienez zazpi belaunalditan zehar landu da gaztagintza, eta 2016an hartu zuen Enekok lekukoa, Arantzazuko Artzai Eskolan trebatu ondoren. Familia honek ibilbide bikaina osatu du urteetan zehar, Ordiziako Euskal Jaietako gazta lehiaketan hainbat aldiz lehen saria eskuratuz, belaunaldiz belaunaldi kalitatearen erreferente bihurtuta. Gaur egun, artaldea eta gaztandegiaz gain, nekazalturismoa eta interpretazio gunea ere badituzte, artzaintzaren eta Idiazabal gaztaren kultura zabaltzen lagunduz.
Gazta berriaren mozketa
Gazta berriaren mozketaren une berezian, aurtengoan Gorka Txapartegi izan du protagonismoa, Hondarribiko Alameda jatetxeko sukaldari eta ordezkaria. Kepa eta Mikel anaiak ere ondoan izan ditu ekitaldian. Gorka, txiki-txikitatik lehengaiekiko errespetuan eta sukaldaritzarekiko pasioan hezia, bere amonaren eskutik jasotako balioak izan dira bere ibilbide profesionalaren oinarri. Euskal sukaldaritzaren erreferente handien ondoan trebatu ondoren, familiako jatetxearen gidaritza hartu eta berrikuntza eta tradizioa uztartzen jakin du, nazio mailako aitortza garrantzitsuak lortuz. Bere ibilbidean zehar, kalitatezko lehengaien aldeko apustua eta tokiko produktuen balioa nabarmentzea izan dira bere ezaugarri nagusietako batzuk.
Ekitaldian, gazta berriaren mozketarekin batera, honako adierazpenak partekatu ditu: “Gazta hau jakinduria, tradizioa eta izaera da. Eskerrik asko artzain guztiei bihotz-bihotzez.”
Ostera, parte-hartzaileek gazta berria probatzeko aukera izan dute, Ondarre gaztandegiaren produktuak dastatuz, eta oso gustura geratu dira.
Ardi eta aharien erakusketa-lehiaketa
Bestalde, Garagartza plazan, latxa arrazako 20 bat artzainen aharien erakusketa-lehiaketa egin da, baita ELE elkarteko bildotsen erakusketa eta ardien errape erakusketa-lehiaketa ere. Bertan, 200 abelburu inguru izan dira ikusgai. Zehazki, bi motako animaliak izan dira erakusketan: latxa mutur-gorriak eta latxa mutur-beltzak.
Garagartza Plazan, baita ere, mamia egiteko erakustaldia, ardi-jeztea eta ardien ile-mozketa saioak ere izan dira, besteak beste. Burruntzian prestatutako Euskolabel arkumea probatzeko aukera ere izan da bertan; bildutako dirua, ASPANOGI Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkartearentzat izango da.
Nikolas Lekuona plazan, berriz, umeei zuzendutako ‘Artzainen Herri Kirolak’ izan dira.





