Ordiziako Udaleko Bizikidetza Mahaiaren adierazpena

Ordiziako Udaleko Bizikidetza Mahaia publiko egin dute gaur. Mahaia osatzen duten ordezkariek agerraldia egin dute ondorengo irakurketa egiteko:

Ordiziako Udaleko Bizikidetzarako Mahai Politikotik urrats bat egin nahi dugu aurrera, eta herritarrei jakinarazi nahi diegu, giza eskubideen, memoriaren, egiaren eta bizikidetzaren aldeko konpromiso irmoa  dugula.

Udalean ordezkaritza dugun lau alderdi politikoetako kideek osatutako taldea gara, eta 4 urte daramatzagu elkarrekin lanean, erabateko konfidentzialtasunean, gure iragan hurbilari buruz hitz egiten, bestearen sufrimendua entzun eta aitortzen. Lau urte horien ondoren, memoria partekatu bat eraiki ahal izateko espazio komun bat adostea lortu dugu, geure akordio eta desadostasunekin, eta gertatutakoari buruzko ikuspuntu anitzak daudela onartuz. Izan ere, egiak ertz asko ditu, eta bakoitzak gertatutakoaren inguruan bere irakurketa propioa izan dezake, azken finean, gure bizipenenek zeharkatzen gaituztelako.

Hori bai, motibazio politikoak eragin dituen giza eskubideen urraketen biktima guztiekiko eta beste sufrimenduekiko errespetutik eta zintzotasunetik jokatuko dugu beti.

Ez da erraza izan honaino iristea, eta jakin badakigu, egiteke dugun bidean zailtasunak aurkituko ditugula. Baina, argi dugu, emango ditugun pausoak adostasunetik emango ditugula, edo ez direla emango.

Alderdikeriak albo batera utzita, iraganari modu partekatuan begiratzeko borondatea berretsi nahi diegu herritarrei, pertsonen duintasuna eta giza eskubideak errespetatuz, eta betiere, inor atzean utzi gabe. Horretarako, beharrezkoa da gertatutako guztia mahai gainean jartzea, Ordizian gertatutako giza eskubideen urraketa guztiak aitortzea, eta maila lokalean, beharrezkoak diren mekanismoak jartzea,  iraganean gertatutakoa etorkizunean errepikatu ez dadin.

Gure uste apalean, jendarte  gisa aurrera egin eta etorkizunean elkarren arteko bizikidetza bermatu nahi badugu, iraganaren irakurketa inklusiboa egitea beharrezkoa da. Elkarri begiratuz, entzunez, geure burua aitortuz, entzute zaurgarria praktikatuz, eta pertsonak erdigunean jarriz, batzuetan deseroso sentitzen bagara ere. Horretarako, gure iragan hurbilean gertatutakoari buruz gure ikuspuntuen antipodetan egon daitezkeen pertsonekin hitz egitea ezinbestekoa da, bizi izan dugun iragan traumatikoa gainditzeko, eta elkarbizitzaren alde lan egiteko.

Beraz, Ordiziako Udaleko Bizikidetza Mahaiko kideok, lanketa kolektibo bat gauzatu ahal izateko, zoru etiko komun baten inguruan lan egitea adostu dugu, eta etorkizunean egingo diren udal-ekimenak zoru etiko horretan oinarrituko dira.

Hala, hauek dira adostutako puntuak:

  • Iraganaren irakurketa egin eta etorkizuna bakean eraikitzeko, ezinbestekoa iruditzen zaigu gertatutakoari giza eskubideen esparrutik heltzea, pertsona guztientzat berdinak baitira.
  • Memoria eta bizikidetza lantzea, desberdintasun politikoak gaindituz, eta elkarrizketarako eta entzuteko espazioak ahalbidetuz.
  • Ezinbestekoa da giza eskubideen urraketa eta bestelako sufrimendu guztiak mahai gainean jartzea eta arbuiatzea, gure iraganean gertatu denaren irakurketa partekatua ahalbidetzeko.
  • Bizikidetzarako Mahaiak ematen dituen urrats guztiak adostasunetik izango dira, eta kide guztiak ados egon beharko dira bertan hartzen diren erabakiekin.
  • Giza eskubideetan oinarritutako eta indarkeriarik gabeko gizarte bat eraiki nahi badugu, ezinbestekoa da belaunaldi gazteei gertatutakoa transmititzea.
  • Bizikidetzarako mahai politikoak, Ordizian elkarbizitza demokratiko eta normalizatua lortzeko lan egiteko konpromisoa hartzen du.

Bizikidetza Mahaiko ordezkariak:

  • Adur Ezenarro Agirre eta Jon Ander Caballero Zubelzu (Ordiziako EHBildu)
  • Joseba Aranburu Ganzarain eta Jose Ignacio Iturrioz Gotor (Ordiziako EAJ)
  • Viviana Murillo Cazar eta Mila Sukia Galparsoro (Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos Ahal Dugu)
  • Ana Sanchez Herraz eta Carlos Gonzalez Astiz (PSE-EE Ordiziako Talde Sozialista)