Ordizia gaztandegi berria eraikitzen hasi da, Idiazabal gaztaren ekoizpena eta bisita esperientzia indartzeko

Ordiziako Udala gaztandegi bisitagarri berria eraikitzen hasi da, Idiazabal gaztaren ekoizpena eta dibulgazioa indartzeaz gain, bisitarientzako erreferentziazko gune bihurtzeko helbuarekin.  Proiektua NEXT diru-laguntzen turismo lerroaren barruan kokatzen da, eta Ordizia, Saboreando Territorio egitasmoaren parte da, Oianguko aterpetxearekin eta D’elikatuz zentroarekin batera.

Ordizian 1990etik egon da gaztandegia, Zuhaizti azpiko lokalean. Bertan ekoitzitako gazta Ordiziako Gazta Kooperatibaren izenarekin merkaturatu izan da. Hala ere, instalazioak azpisoto batean kokatuta egoteak eta denboraren poderioz zaharkituta geratu izanak berritzea beharrezko bihurtu dute. Gainera, gaztandegi zaharrak ez zuen aukerarik ematen bisitariei gazta egiteko prozesua bertatik bertara ezagutzeko.

Testuinguru horretan, eta kontuan hartuta Ordizia dagoeneko bisitari askoren helmuga dela —bereziki D’elikatuz zentroaren bidez herria eta azoka ezagutzera datozenena—, aukera paregabea sortu da Idiazabal gaztaren ekoizpena modu irekiago eta didaktikoago batean erakusteko.

Hori dela eta, Ordiziako Udala gaztandegi berria eraikitzen ari da Arana kaleko 17. zenbakiko eraikinaren azpiko lokalean. Proiektuaren aurrekontua 528.360,40 eurokoa da (639.316,01 euro BEZa barne). Instalazioa bi solairutan antolatuko da, gazta egiteko gunea eta bisitarientzako espazioa erabat bereizita, osasun baldintzak bermatzeko.

Bisita Arana plazatik abiatuko da. Harrera eta salmenta gunea igaro ondoren, bisitariek ikus-entzunezko baten bidez Idiazabal gaztaren inguruko azalpenak jasoko dituzte. Ondoren, zoruan jarritako beirazko irekiduren bidez gazta egiteko prozesua zuzenean ikusi ahal izango dute, eta beste irekidura batzuetatik ontze prozesua, azpiko kamaretan gordetzen diren gaztak ikusita.

Bisita amaitzeko, atzeko aldean irekitako leiho berritik Txindoki eta Aralarren ikuspegiez gozatzeko aukera izango dute, eta bertan Idiazabal gaztaren dastaketa egingo da.

Gaztandegi berria turismo baliabide berria izango da, eta Ordiziak gastronomiaren eta Idiazabal gaztaren inguruan duen eskaintza indartuko du, D’elikatuz interpretazio zentroarekin batera.