Minen biktimen testigantzak eta Nigerreko emakumeen borroka ikusgai, Barrena kultur etxean

Ordiziako Udaleko Gizarte Ongizate sailetik bi erakusketa jarriko ditu ikusgai Barrena Kultur Etxeko erakusketa aretoan, giza eskubideen defentsa, berdintasuna eta justizia soziala ardatz hartuta. Bi proposamenek nazioarteko errealitate desberdinak hurbilduko dituzte Ordiziara, ikuspegi dokumental eta konprometitu baten bidez. Martxoaren 2tik 27ra ikusgai izango dira.

‘Bizitza minatuak, 25 urte

‘Bizitza minatuak, 25 urte’ erakusketak Gervasio Sánchez fotokazetariaren begirada hurbiltzen du Ordiziara. Erakusketa Euskal Fondoak antolatu du, eta 1995ean hasitako dokumentazio lanaren bilakaera jasotzen du.

Mozambike, Angola, Kanbodia, Bosnia-Herzegovina, El Salvador eta Nikaraguako pertsonen kontrako minen biktimen bizitzak dokumentatu ditu egileak, eta bere argazkien bidez ahotsa ematen die zuzenean tragedia hau pairatu dutenei. Erakusketak minen ondorio fisiko eta sozialak erakusteaz gain, arma industriaren zigorgabetasuna eta arazoa desagerrarazteko nazioarteko konpromiso politikoaren beharra ere azaleratzen ditu.

Gervasio Sánchezen lanak ikuspegi humanista du oinarri, eta bizirik atera direnen duintasuna eta erresilientzia jartzen ditu erdigunean.

‘Nigerren, mundu guztian bezala, Emakumeen Erabakia’

‘Nigerren, mundu guztian bezala, Emakumeen Erabakia’ erakusketak Nigerreko emakumeek eta neskek jasaten dituzten indarkeriak eta diskriminazio egoerak ikusaraztea du helburu, baina, aldi berean, haien erresistentzia, lidergoa eta eraldaketa sozialerako borroka ere azpimarratzen ditu.

Erakusketa Bakerako Lankidetza Batzarra (BLB) Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu du, eta Ruido Photo elkarteak ekoitzi du BLBrekin lankidetzan. Ruido Photo fotokazetaritzan espezializatutako erakundea da, eta gizarte-arazoak eta giza eskubideen urraketak dokumentatzea du helburu, tresna bisualen bidez kontzientziazioa eta eraldaketa sustatuz. 2021eko abuztuan Nigerrera egindako bidaian jaso zituzten erakusketako argazkiak eta testigantzak.

Erakusketak arlo askotan (kazetaritza, pintura, politika, medikuntza,…) erreferente diren sei emakume nigertarren istorioak jasotzen ditu, berdintasunaren eta emakumeen eta neskatilen eskubideen alde egiten duten lana nabarmenduz. Testuinguruan kokatzen du Nigerreko gizarte-sistema patriarkalak emakumeen eta nesken eskubideetan duen eragina, eta aldaketa sozial eta politikoaren beharra azpimarratzen du.

Giza eskubideen aldeko konpromisoa

Bi erakusketek, testuinguru eta gai desberdinak jorratzen badituzte ere, giza eskubideen defentsa, duintasuna eta eraldaketa sozialaren aldeko konpromisoa partekatzen dute. Ordiziako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu Barrena Kultur Etxera gerturatu eta bi proposamen hauek ezagutzera, hausnarketa eta kontzientziazio kolektiboa sustatzeko.