Ordiziako Udalbatzak 2026ko udal aurrekontua onartu du otsaileko osoko bilkuran. Aurrekontu osoa 23.019.806,90 eurokoa da, eta udalerriaren epe ertain eta luzerako erronkei erantzuteko oinarri sendoa ezartzen du, proiektu estrategikoen garapena eta zerbitzu publikoen indartzea ahalbidetuz. Aurrekontuak udalbatzako 17 bozetatik 16 aldeko (EH Bildu, EAJ eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos) lortu ditu, eta abstentzio bat (PSE-EE).
Aurrekontuaren gastuen gaikako banaketa Ordiziako Udalaren arlokako hiru banaketak aintzat hartuta, nabarmena da Herritarren esparrua gailentzen dela 12.179.979,51 (%53), bigarrena Lurraldea litzateke 7.314.467,52€ (%32) eta azkenik Antolaketa 3.525.359,87€ (%15).
2026ko aurrekontuan 6.671.304,99 euroko inbertsioak proposatzen dira. Horietatik, 4.350.000 euro mailegu bidez finantzatzea aurreikusten da, azken urteetako zorpetze maila jaisteko egin den esfortzuak indarrean zeuden mailegu asko amortizatzea ekarri du, eta horrek baldintza egokiak sortu ditu mailegu lerro berriak eskatu ahala izateko.
Alkatearen balorazioa
Adur Ezenarro Ordiziako alkateak nabarmendu du aurrekontu hauek “kudeaketa arduratsua eta etorkizuneko ikuspegia uztartzen dituztela” eta eskertu du, azaroan egin zen lehen proposamenetik abiatuta, udal talde guztiek izan duten jarrera eraikitzailea eta prestutasuna. Akordioak lortu dira EAJ/PNV eta Ordizia Orain-Elkarrekin Podemos taldeekin, baina akordioak akordio, talde guztien ekarpenak txertatu dira aurrekontu proiektuan.
Bere hitzetan, “aurrekontu hauek ez dira urte bateko kudeaketa hutsera mugatzen; datozen urteetan Ordiziaren garapena baldintzatuko duten inbertsio eta proiektu estrategikoei oinarri sendoa ematen diete. Eguneroko zerbitzuak bermatzearekin batera, herriaren etorkizunean inbertitzen ari gara”.
Sarreren egitura
2026ko aurrekontuaren sarrera nagusia Foru Funtsa da. Datorren urterako aurreikuspena 10.471.211,00 eurokoa da, eta aurrekontu osoaren %45,49 ordezkatzen du.
Bestalde, udal tasa eta zergen bidezko sarrera arruntak 5.282.429,12 eurokoak izango direla aurreikusten da, guztizkoaren %22,95.
Halaber, gastu arruntak finantzatzeko diru-laguntza eta transferentzien bidez 11.603.077,78 euro jasotzea aurreikusten da, aurrekontuaren %50,40. Atal honetan ekarpen handiena Foru Funtsak osatzen badu ere, beste 1.131.866,78 euroak (%4,92) jasotzea espero da.
INBERTSIO NAGUSIAK (6.671.304,99€):
100.000€ urteroko inbertsioetarako.
200.000€ igerilekuaren eremua eraberritzeko proiektua burutzeko
1.000.000€ kanpoko igerilekua eraberritzeko
1.000.000€ igerilekuko aldagelak eraberritzeko
350.000€ Beti-Alai frontoiaren estalkia eraberritzeko, egun daukan fibrozementuzko estalkia kendu ondoren
Altamirako igogailuaren proiektua 150.000€
Buztuntzako Oria ibaiaren pasealekua 350.000€ eta Otatza plaza berritzea 110.000€, eta Urdaneta kaleko urbanizazio lanak 770.000€.
Bilordi eta Elefantearen parkeak eraberritzea 80.000€.
Eskolaren eraberritzearen II. Fasea. Fatxadak eraberrituko dira, itxitura berria, isolamendu termikoa eta arotzeria.
Herri Antzokia proiektuari lotutako jarduketak, irisgarritasuna hobetzeko igogailua eta birgaitze lanak.
2026ko ekitaldian Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren berrikuspenaren lizitatutako da. Lan horrek ekitaldi bat baino gehiago iraungo duenez, guztira 460.000€ izango dira lau urteetan banatuta.
Barrena jauregian kokatzen den kultur-etxean behe solairuko liburutegia eta lehen solairuko aretoak lekualdatzea.
Egun dauden hiru etxebizitza zaharkitu saldu, bi berri erosteko.
GASTU ARRUNTAK
Azpimarratzea merezi duten gainerako gastu arruntetako berrikuntzak:
Aurten onartzea espero den Etxebizitza Planean aurreikusitako ekintzetarako 400.000€
Udal gobernuak azpimarratu du 2026ko aurrekontuak tresna sendoa direla Ordiziak dituen erronkei modu planifikatuan eta eraginkorrean heltzeko, egonkortasun instituzionala eta epe luzerako konpromisoa uztartuz.