Irailean hasiko den ikasturtean Alotza haur-eskola Haurreskolak Partzuergoan integratuko da

Gaur prentsaurrekoa egin da Alotza Haur Eskolan, eta bertan jakinarazi du Adur Ezenarro Ordiziako alkateak irailean hasiko den ikasturtean Alotza haur-eskola Haurreskolak Partzuergoan integratuko dela. Agerraldian izan dira, halaber, Ainhoa Jimenez zinegotzia eta Alotzako langileak, prozesu osoan zehar parte aktibo izan direnak.

Alkateak azaldu du 2021ean udal gobernuak abiatutako prozesua amaitzear dagoela eta, ondorioz, irailean hasiko den ikasturtean Ordiziako Alotza haur-eskola Haurreskolak Partzuergoan integratuko dela, Eusko Jaurlaritzaren menpeko haur-eskola publikoen sarean. Esan bezala, 2021etik, bilera asko egin ditu Ordiziako Udalak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila eta Haurreskolen Partzuergoarekin, eta bide honetan guztian Alotzako langileak izan ditu alboan. Izan ere, beraiekin ere bilera ugari egin ditu udalak.

Beraz,urte askotako lanketaren ondoren, Udalak nabarmendu du hasieratik ezarritako bi helburu nagusiak beteko direla azkenean: zentroa sare publikoan integratzea eta, aldi berean, gaur egun bertan lanean ari diren langileen jarraipena bermatzea.

Ezenarroren hitzetan, “pauso garrantzitsua da Ordiziarentzat. Hasieratik argi genuen Alotza sare publikoan integratu nahi genuela, baina betiere bertako langileen egonkortasuna bermatuta”. Alkateak azpimarratu du prozesua elkarlanetik eraiki dela: “Hasieratik eskutik joan gara langileekin; haien inplikazioa eta konfiantza giltzarri izan dira urrats hau posible egiteko”.

Iazko abenduko osoko bilkuran, Ordiziako Udalbatzak Haurreskolen Partzuergoaren eta Ordiziako Udalaren arteko jarduera-protokoloa onartu zuen, integrazio prozesuari bide emanez. Hurrengo urratsa otsaileko osoko bilkuran formalizatuko da, Partzuergoari integrazio eskaera ofiziala eginez.

Aurreikuspenen arabera, prozesua ekaina edo uztailean amaituko da, bi erakundeen arteko hitzarmena sinatzearekin batera. Hitzarmena irailean sartuko da indarrean, 2026-2027 ikasturte berriaren hasierarekin batera.

Datorren ikasturteko matrikulazioari dagokionez, izen-ematea orain arte bezala Alotzan egin beharko dela jakinarazi da. Apirilean hasiko den matrikulazio-prozeduraren xehetasunak oraindik zehazten ari direnez, Udalak herritarrei lasaitasun mezua helarazi die eta informazio guztia garaiz eta modu egokian zabalduko dela adierazi du.

Era berean, Partzuergoan integratzeak ekarriko dituen aldaketen berri emateko —doakotasuna, ordutegiak eta bestelako antolaketa gaiak— bilera ireki baterako deialdia egingo dela iragarri da.

Udal gobernuak azpimarratu du integrazio honek Ordiziako hezkuntza publikoaren eskaintza indartuko duela eta herriarentzat kalitatezko zerbitzu publiko baten aldeko urrats estrategikoa dela.