Ordiziako Udalaren adierazpen instituzionala pertsona migratzaileen ez-ohiko erregularizazioaren inguruan

Ordiziako Udaleko bozeramaileen batzordeak honako adierazpena onartu du:

1.- Ordiziako Udalak espresuki bere babes osoa adierazten dio pertsona migratzaileen ezohiko erregularizazioari, justizia sozialerako, giza duintasunerako eta oinarrizko eskubideak bermatzeko neurri gisa aitortuz.

2.- Ordiziako Udalak lasaitasun mezua helarazi nahi die erregularizazio prozesu honek eragiten dien pertsona guztiei, eta jakinarazi nahi die, dagokion udal zerbitzuen bidez eta bere eskumenen barruan, konpromisoa hartzen duela Ordizian pertsona migratzaileen sustraitzea egiaztatu eta ziurtatzeko prozesua errazteko eta aktiboki laguntzeko. Horretarako, errolda-ziurtagiriak, bizikidetza-ziurtagiriak, gizarteratze-txostenak edo eskuragarri dauden bestelako tresna administratiboak baliatuko dira, erregularizazio-prozesura benetan iristea errazteko helburuarekin.

3.- Ordiziako Udalak irmoki gaitzesten ditu arrazakeria, xenofobia, gorroto-diskurtsoak eta migrazioaren kriminalizazioa, bereziki eskuin muturreko alderdi, mugimendu, hainbat komunikatzaile eta komunikabide batzuek sustatzen dituztenak, migrazioa faltsuki delinkuentziarekin lotuz. Era berean, populazio migratzailea bizikidetzari eragin diezaioketen arazo edo gatazka sozialen iturri gisa erabiltzeko edozein saiakera baztertzen du.

4.- Ordiziako Udalak giza eskubideen defentsarekiko, berdintasunarekiko, kultura ezberdinetako auzotar eta herritarren arteko bizikidetzarekiko eta haurren babesarekiko duen konpromisoa berresten du, eta jatorri, azalaren kolore, erlijio edo administrazio-egoera dela-eta egindako diskriminazio edo gizarte-bazterketa oro baztertzen du.

5.- Ordiziako Udala ezohiko erregularizazio prozesu hau nolakoa izango den argitzen saiatzen ari da, eta izapide administratiboei eta beharrezko ziurtagiriei buruzko informazio zehatz guztia eskuratu bezain laster, bere kanal ofizialen bidez jakinaraziko du. Halaber, Ordiziako Udalak konpromisoa hartzen du informazio-saioak antolatzeko, beharra duten pertsonei laguntzeko eta prozesu honetan sor daitezkeen zalantzak argitzeko. Hori dela eta, informazioa kanal ofizialetan bilatzeko deia egiten du.