Ordiziako Zaintza Mahaiak arrakasta handiz egin du topaketa irekia Zuhaiztin

Atzo arratsaldean egin zen Zuhaiztin Zaintza eredu komunitario baterantz Ordizian izeneko topaketa irekia, eta parte-hartze handia izan zuen. Hainbat herritar eta eragile hurbildu ziren saiora, zaintzaren inguruan hausnartzeko eta ikuspegi komunitarioa partekatzeko helburuarekin.

Topaketan zehar, Ordiziako Zaintza Mahaiak orain arte egindako ibilbidearen errepasoa egin zen, martxan jarritako lan-ildoak azalduz eta zaintzaren egungo erronkei erantzuteko beharra azpimarratuz. Ignacio Mendiguren Zaintza Mahaiko kideak gidatutako saioan, zaintza ardura partekatua dela nabarmendu zen, eta komunitatean oinarritutako ereduen garrantzia jarri zen erdigunean.

Zaintza Mahaiko kideek eskerrak eman nahi dizkiete topaketan parte hartu zuten pertsona guztiei, ekarpenengatik, interesa erakusteagatik eta zaintza erdigunean jartzeko borondateagatik. Halaber, gogorarazi dute entzute prozesuan jasotako ekarpenekin osatutako erakusketa ibiltaria egunotan Zuhaiztiko kafetegian ikusgai dagoela, herritar orok zaintzaren inguruko hausnarketa egiteko aukera izan dezan.

Otsaileko ekintzak

Bestalde, Zaintza Mahaiak lanean jarraitzen du eta datozen asteetarako hainbat ekintza aurreratu ditu. Otsailaren 3an, bakardade ez hautatuaren inguruko hitzaldia izango da, eta otsailaren 20an, Biziraun dokumentalaren emanaldia izango da, zaintzarekin lotutako gaiak lantzen jarraitzeko asmoz.

Ordiziako Zaintza Mahaitik herritarrak datozen ekimenetan parte hartzera gonbidatu dira, zaintzan oinarritutako herri eredua elkarrekin eraikitzen jarraitzeko.