Image
Image

Adostasun zabalarekin onartu dira 2026eko ordenantza fiskalak

Adostasun zabalarekin onartu dira 2026eko ordenantza fiskalak

2026 ekitaldiko Ordenantza Fiskalak onartzeko ez-ohiko osoko bilkura egin zen joan den ostegunean, hilak 9. Bertan, adostasun zabalarekin onartu ziren datorren urterako udal tasa eta zergak.

Ordenantzen igoera orokorra %3koa izango da eta hondakinen kasuan, berriz, guztira %6koa. Igoera hori hala izatea iazko urtean adostu zen; 2025-2026-2027 ekitaldietan izango dira igoerak, egungo legediak eskatzen duen bete ahal izateko eta zerbitzu horrek dakartzan gastuei aurre egiteko, hain zuzen ere.

Udalak diru-sarreren araberako ordainketa progresiboaren politikari eutsi dio beste urtebetez. Gainera, esaterako, haur-eskola zerbitzuan ez da igoerarik izango. Adur Ezenarro alkateak azaldu duenez, "diru-sarreren araberako ordainketa egitearen aldekoak gara, hobariak handituz eta erabiltzaileek ordaindu beharreko kopuruak jaitsiz. Hori kalkulatzeko erreferentzia LGSa (Langile arteko Gutxieneko Soldata) erabiliko da betiere bizikidetza unitateko kideen arabera proportzioan handituz, eta guraso bakarreko familietan, kide bat gehiago zenbatuko da diru-sarreren mugak zehazten dituen taulan. Familia ugarietan ere, 4 seme-alabatik gora dituzten familientzat, hobariak lortzeko mugak handitu dira, etxebizitzaren balio katastralean edo ibilgailuen zaldien mugan".

Emendakinetan landutako hainbat punturen artean etxebizitza hutsen errekarguaren ordenantza izan zen. Orain arte, etxebizitza hutsa zuten jabeek %50eko errekargua ordaindu behar zuten. Datorren urtera begira, ordea, %50 horretatik %150era pasako da, Foru Arauak baimentzen duen gehiengora arte, alegia. Horrez gain, ibilgailu elektrikoen karga puntuak orain arte doakoak ziren eta aurrerantzean dagokien prezio publikoa izango dute. Horrez gain, hondakinen tasak ordaintzen dituzten maizterrek, hau da, alokairuan bizi diren pertsonek eta hondakinen tasa beraiek ordaintzea behartuta dutenei diru sarreren araberako tasa aplikatuko zaie hondakinen tasan.

Behin udalbatzak Ordenantza Fiskalei onarpena emanda, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Udaletxeko iragarki taulan jarriko da, eta herritarren 30 eguneko epea izango dute erreklamazioak egiteko.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza