Santa Ana 2025, prest

Badatoz Ordiziako Santa Ana jaiak, egitarau zabalarekin. Haurren asteburuarekin hasiko ditugu etenik gabeko jaiak. “Elkarrekin ospatzeko egunak datozkigu guztioi, eta aldarrikatu behar dugu ordiziar guztiok beldurrik gabe bizitzeko eta festa egiteko eskubidea dugula. Horregatik,  ezinbestekoa ikusten dugu festak modu sanoan bizitzeko deia egitea, guztionganako errespetuan oinarrituta”, aldarrikatu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Bihar, ohiko moduan, Boxeo Gaua izango dugu 22:30etatik aurrera, Beti Alai pilotalekuan.

Haurren asteburua

Larunbatean herriko txikienek hartuko dute protagonismoa eta goizeko 10:00etan, 2024. urtean jaiotako ordiziarrei jaietako zapia jantziko zaie. Aurten, 100dik gora zapi izango dira Plaza Nagusian jarriko direnak. Kadete mailako LII. Chapel Gorri txirrindulari probarekin jarraituko dute emanaldiek eta eguerdian, haurrek alkate jaun-andreek hartuko dute agintea, udaletxeko balkoitik txupinazoa botatzearekin batera. Ondoren, buruhandi eta erraldoien kalejira izango da, Ordiziako txistulariek, trikitilariek eta Burrunbazale txarangak lagunduta. Umeen bazkari herrikoia plazan, Xaiborrekin dantzaldia, ur-parkea, mozorro dantzaldia eta zezen-suzkoa ere izango dira egunean zehar. Gauean, Kai Nakairen kontzerua izango da Plaza Nagusian.

Igandean berriz, haurren ohiko aurreskua egingo dute eguerdian, eta arratsaldean, haurren danborrada aterako da 19:00etan Buztuntzatik, Plaza Nagusian bukatzeko.

Uztailaren 23an asteroko azoka izango dugu eta arratsaldean Bertso Clown ikuskizuna eskainiko da Nikolas Lekuona Plazan.

Jaien hasierako txupinazoa

Ordiziako Santa Ana jaiei hilaren 24an emango zaie hasiera ofiziala, txupinazoarekin. Aurten, 25 urte bete dituen Larrunarri Abesbatza eta herritarrek aukeratutako Erramun Amundarainek botako dute txupinazo nagusia. Buruhandi eta Erraldoiak, XIX. Bigantxa-futbol txapelketa, Mikra zirku ikuskizuna eta kalejirak beteko dute eguna, eta 21:30ean helduen danborrada aterako da Buztuntzatik. Amaitu ostean Rockalean musika kalejirak alaituko ditu kaleak.

Hilaren 25ean, ostegunarekin, Ordiziako Klasikoa jokatuko da, eta 26an, Goizaldeko Danborrada eta agintarien soka-dantza egingo dituzte, besteak beste. Arratsaldean profesionalen eskuzko pilota partidak, Gautxori txarangarekin kalejira, Beti Argi bandarekin kalejira eta Puro Relajo taldearen kontzertuak izango ditugu.  

Igandea, berriz, Santanazaleen eta Kuadrilen Eguna izango da. Eguerdian egingo da santanazaleen ohiko esku-dantza, eta segidan, kuadrillen irteera. Jaietako azken eguna goizalderaino luzatuko da, iluntzean Garagartza plazan hasiko da Nonbait taldearen erromeria, Bazterrexe Plazan Xaibor Dja eta Plaza Nagusian En Esenzia orkestra.

Zaratarik gabeko orduak barraketan

Ostiral arratsaldean, uztailak 18, izango da Santa Ana jaietako barraken irekiera. Azken urteetan bezala, ordutegi zehaztua izango da. Aurten, ordubete luzatuko da epe hau: 15:00etatik 18:00etara zaratarik gabeko ordua izango da. Tarte horretan, barrakek musikarik eta bestelako soinu ozen eta sarkorrik gabe funtzionatuko dute. Modu horretan, haur guztiei espazio horretaz gozatzeko aukera zabalduz.

Uztailak 21, 22 eta 23an tarifa murriztua izango dute.

Ohiko legez, festetan euskararen presentzia indartzen jarraitzeko, euskara sailetik euskal musikaz osatutako USBa banatu zaie.

Matutina gauean larrialdi zerbitzua

Uztailak 25etik 26rako gauean, Matutina mozorro gauean zehar hain zuzen ere, anbulantzia zerbitzua eskainiko da (Foruen pasealekuan frontoiaren kanpoaldean) gau horretan zehar izan ohi diren istripu arinei erantzuteko (erorketak, mozketak, etab.)

Errespetuz ospatzeko aldarria

Azken urteetan egin den moduan aurten ere martxan egongo da Gizarte-eragile eta Koordinadora Feministarekin elkarlanean sortutako erantzun protokoloa.

Ordiziako Udalak argi adierazi nahi du jaietan mota guztietako indarkeriak ez dute lekurik, eta ez dugu inolako eraso sexista edo arrazistarik onartuko. Erasoen aurrean ez gara isilduko, eta ez dugu beste aldera begiratuko. “Festak guztionak dira eta guztiok festetaz gozatzeko eskubidea dugu. Ingurukoak errespeta ditzagun, ingurua garbi manten dezagun eta lagunartean gozatuz, alboan dauzkagunak zaindu eta behar duenari babesa eskaini diezaiogun”, gehitu du alkateak.