Image
Image

Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, Udal audientzian

Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, Udal audientzian

Gaur Udaletxeko batzar aretoan Ordiziako 2 ikastetxeetako Eskolako Agenda 2030eko ikasle arduradunak, Adur Ezenarro alkatea eta Maitane Alvarez alkateordearekin elkartu dira aurtengo ikasturtean egin duten lana aurkezteko. Eskola Agenda 2030ean Ordiziako Jakintza ikastolako Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako eta Oianguren ikastetxeko Bigarren Hezkuntzako  54 ikasle bertaratu dira udaletxera.

Ikasturte honetan, Garapen Jasangarriko Helburu berri bat lantzen hasi dira: 12. GJH: Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak gaiari heldu diote eta hondakinen gaia hainbat ikuspuntu desberdinetatik jorratu dugu: hondakinen sorrera, berrerabilpena, plastikoaren arazoa, hondakinen gaikako bilketa….

Martxoaren 24an, ikastetxe guztietako ikasle ordezkariak Eskolarteko Foroan bildu ziren Barrenako areto nagusian eta ondorioak eta hurrengo ikasturtean aurrera eramango dituzten ekintzak adostu zituzten. Gaurko audientzian bertan egindako lana aurkeztu dute.

Ikasleen ondorioak

Atera dituzten ondorio esanguratsuenak honako hauek izan dira:

Ordizian gauzak konpontzeko aukera gutxi daudela iruditzen zaie.

Ordiziako kaleetan zehar lurrean hondakin asko aurkitzen dela eta honen ondorioa, alferkeria dela kausa nagusiena identifikatu dute, kontzientziazio falta eta utzikeria handia dagoela iruditzen zaie. Lurrean topatutako hondakin gehienak plastikoak direla, nagusiki goxokien bildukinak

Janaria ez xahutzeko eta hondakinak ekiditeko neurriak hartzen direla iruditzen zaie.

Behar baino askoz gehiago kontsumitzen dugula; batez ere, arropa eta gailu elektronikoak. Gehiegizko kontsumoaren ondorioetaz ez garela kontziente eta geroz eta gehiago jotzen dugula Internetera erosketak egitera.

Produktuei ahal den neurrian bigarren bizitza bat ematen saiatu beharko ginatekeela.

Ekintzak

Herri mailan herritar guztientzako zabaldutako konponketa tailerrak antolatzea eskatu dute eta Udalak tailer ezberdinak martxan jartzeko asmoa azaldu du eta beraiei tailer ezberdinak proposatzeko eskatu die.

Bigarren eskuko azoka edo truke azoka bat antolatzeko asmoa ere azaldu dute. Udalak azoka hau antolatzeko laguntza osoa emango duela esan du.

Hozkailu solidarioaren proiektuarekin aurrera jarraitzeko eskaera egin dute eta Udalak proiektuarekin aurrera jarraitzeko eta Ordiziako komunitate osora zabaltzeko lanean jarraituko duela erantzun du. Jarraipen txostenak jaso dira eta hozkailuan jartzen den janaria 24 ordu baino lehenago hartuta dagoela azaltzen da, beraz, elikagaien xahuketaren helburua erabat betetzen dela ikusi da.

Zaborretara botatako altzari askori bigarren bizitza bat emateko, material hau bildu eta teknologia edo arte klaseetan txukundu eta apaintzeko asmoa azaldu dute eta Udalari ekintza hau oso interesgarria iruditu zaio. Ordiziako edukiontzi puntuetan egunero lurrean botata 1 tona zabor jasotzen baita eta zabor honekin arazo handiak baititu. 

Hondakinen arazoaz erreflexionatzeko hitzaldi bat prestatzeko asmoa azaldu dute. Zuhaiztiko erabiltzaileei eskaintzea proposatu dute eta Udalari oso ondo iruditu zaio, generazio ezberdinen arteko harremanak oso aberatsak direlako eta denak bata-bestearengatik ikasi egiten dutelako.

Datorren ikasturtean, denek adostu dituzten ekintzak, ikastetxeen, Udala eta erakunde ezberdinekin elkarlanean martxan jartzeko konpromisoa hartu dute.

Amaitzeko, Udalak parte hartu duten ikasle guztiei gosari osasuntsu bat eman die.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image

Hautatu hizkuntza