Tolosako Miren Pagola harategiak irabazi du Euskal Herriko Txistorra Lehiaketa
Gaur jokatu da Ordizian Euskal Herriko XXVI. Txistorra Lehiaketa, Ordiziako Udalak, Gipuzkoako Merkatarien Federazioko Harakin Elkartearekin lankidetzan antolatuta. Tolosako Miren Pagola harategiak irabazi du sari nagusia.
Goizeko 10:00etan hasi da lehiaketa, Udaletxeko arkupeetan. Aurten guztira 43 harakinek parte hartu dute; gehienak gipuzkoarrak, baina baita nafarrak eta bizkaitarrak ere. Epaimahaiak txistorra guztiak probatu ondoren, zortzi finalistak aukeratu ditu, 4 nafar, 3 gipuzkoar eta bizkaitar bat.
Hauek izan dira XXVI. edizio honetako saridunak:
- 1.- Saria (txapela, garaikurra eta diploma): Miren Pagola harategia (Tolosa) 188,5 p.
- 2.- Saria (garaikurra eta diploma): Pako Harategia (Olazagutia) 184 p.
- 3.- Saria (garaikurra eta diploma): Jesus Mari urdaitegia (Gernika) 183,5 p.
- 4.- Diploma: Felipe Bengoa (Melida) 179,5 p.
- 5.- Diploma: Carnicas Iriguibel (Huarte) 172 p.
- 6.- Diploma: Saijana harategia (Burlata) 171,5 p.
- 7.- sailkatua: Gesalaga (Zarautz) 171 p.
- 8.- sailkatua: Haritz Arteaga (Donostia) 156,5 p.
Epaimahaiak, lehenik eta behin produktu freskoak duen itxurari begiratzen dio: betetzerakoan berdina izatea, eskuz lotutakoa izatea, hestea, lodiera eta abar. Ondoren, gordinik dagoela, txistorra ebaki eta giharra eta koipearen proportzioari erreparatzen diote, baita haragiaren txikitzeari ere, eta azkenik, zartaginean frijitu eta duen zaporea, usaina eta ahogozoa hartzen dituzte kontutan.
Epaimahaia honakoek osatu dute aurten: Gorka Txapartegi (Alameda Jatetxea, Hondarribia), Jon Ayala (Laia Jatetxea, Hondarribia), Lidia Olaizola (Kaia-Kaipe jatetxea, Getaria), Elena Navarri (Jakitea) sukaldariak; Andrea Latasa (Goierri Irrati Telebista) eta Aitor Buendia (La Ruta Slow, Radio Euskadi) kazetariak; Joaquín Benito (blogger gastronomikoa); Aitzol Zugasti (Aholkulari Gastronomikoa); Nerea Caballe (Izar-Ondo Jatetxea, Arbizu), Rodolfo Villate (Egibide-Mendizorrotza Ostalaritza eskola), Iñigo Olaizola (CEBANC ostalaritza eskolako sukalde burua) eta Igor Ozamiz (Artxandako goi ostalaritza eskolako sukaldaritza saileko burua).
Lehiaketa egiten zen bitartean, Ordiziako Oianguren Institutuko ikasleek txistorra pintxoak saldu dituzte, ikasturte bukaerako bidairako dirua lortzeko.