Zabaldu da Barrenako parkeko jolas eremu berria

Barrenako parkearen estalkia eta barruko jolas berriak hornitzeko lanak amaitu dira, eta beraz, dagoeneko erabilgarri dago espazio berri hau.

“Atzerapen batzuk izan dira aurreikusitako epeak betetzeko, izan ere, behar zen materiala ekartzerako orduan atzerapenak egon dira. Horregatik barkamena eskatzen dugu, baina hala ere, gaurkoa egun handia dugu parke berriaren eremua zabaldu dugulako eta herritarrek gozatu dezaketelako”, zehaztu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak.

Estalpearen lanak Iparragirre Eraikuntza Lanak SL enpresak egin ditu eta aurrekontua 317.534,74 eurokoa izan da. Joko eremua, berriz, K1 Ekopaisaia SLL enpresak egin du eta inbertsioa 94.801,28 eurokoa da. Ordizia 2030 Ekintza Planeko 12.36 puntua da hau.

Herritarren hitzarekin

Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak xehetasunak eman ditu obra berri honen inguruan: “Ordiziako parkeen inguruko lanketa egin zen prozesu parte hartzaile batekin, Ttipi Gara kooperatibaren bitartez eta horrela Ordiziako parkeen sarearen mapa bat egin zen, parke bakoitzaren ezaugarritzea egin zen. Ondorio garbi bat atera zen: Barrenako parke hau da Ordiziako parke zentrala, herri guztiarentzat funtzionatzen duena; eta badaudela beste parke batzuk auzoko izaera gehiago dutenak edo erabilera espezifikoagoa dutenak direnak. Horregatik erabaki genuen eremu hau berritzea, eta ikusten duzuen moduan, dagoeneko herriko haurrak eremuaz gozatzen ari dira”.

Lehen parke estalia da Barrenakoa. “Baditugu beste eremu batzuk, baino parkerik ez geneukan orain arte estalpearekin. 0-6 tarteko haurrentzat bideratuta dagoen espazio da”, nabarmendu du. “Dagoeneko lanean ari gara parke honen kanpoko aldean jarriko dugun elementu handia jartzeko, honekin osatuko dugu eremu osoa, eremu oso berria”. Horrez gain, parkeak berritzen jarraituko dugu, eta horren adibide da orain gutxi Elefante parkean jarri den elementu berria ere.