Ordiziak bat egin du azoka solidarioarekin

Gaur goizean ospatu dugu Ordizian azoka solidarioa. “Ederra izan da ordiziarrak eta Ordiziako azokara erosketak egitera etorri direnak izan duten parte hartze handia. Eskuzabaltasun horri esker elikagaiak banatuko ditu Ordiziako Lagunkiro elkarteak egoera zaurgarrian dauden 105 familien artean, eta eskerrik beroenak helarazten dizkiegu”, adierazi du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.

Normalean zailtasunak daude elikagai freskoa jasotzeko garaian eta oraingo honetan horixe izan da helburua, azokako produktu freskoak erosi eta azokan jarri dugun bilketa puntuan garaiko barazkiz osaturiko saskiak osatzea, beharra duten familia guztientzat. Ekimenean Ordiziako ikastetxeetako ikasleen laguntza ere izan dugu. “Kutxa Fundazioaren ekimena da, D´elikatuz, Lagunkiro eta Udalak elkarlanean antolatuta, eta hasiera batetik argi geneukan parte hartuko genuela. Emaitza ikusita, are gusturago gaude ekimen honetan parte hartu izanaz”, gehitu du.

Azokan aurki ditzakegun bertako eta garaiko produktuekin osatutako loteak banatuko zaizkie familia guztiei, eta lote horiek produktu kopuru desberdina izango dute familiaren tamainaren arabera. Guztira 1700 unitatetik gora lortzea izan da erronka ondorengo banaketarekin:

  • 288 tipula
  • 415 azenario
  • 415 porru
  • 104 azelga
  • 415 patata
  • 104 letxuga

Lortutakoak, hauek izan dira:

  • Tipula: 344
  • Azelga: 148
  • Azenarioa: 184
  • Kalabaza: 1
  • Porruak: 75
  • Letxuga: 135
  • Patata: 405
  • Kalabazina: 43
  • Brokoli: 5
  • Azalorea: 13
  • Piparrak: 38
  • Tomate: 86
  • Borraja: 20
  • Baratxuria: 2
  • Espinaka: 2
  • Aza: 1
  • Bainak: 1
  • Erremolatxa: 8
  • Perexila: 4