Kerik gabeko gune proposatu da Plaza Nagusia

Minbiziaren aurkako elkartearekin “Kerik gabeko espazioak” izena duen egitasmoa jarri du martxan Ordiziako Udalak. Hala, hainbat egunetan elkarteko profesionalak Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetara joan dira ikasleekin tabakoa eta kanabisaren prebentzioa lantzera. Saioetan ikasleei galdetu zaie ea herriko zein espazio publikotan nahiko luketen jendeak ez erretzea, eta ea zein mezu edo eslogan jarriko lituzketen espazio horietan.

Inkesta zabala egin da herritarrentzat irekia, eta 463 pertsonek eman dute haien iritzia. Bozkatuena Plaza Nagusia (151) izan da eta Haurtzaindegiaren inguruarekin nahiko pareko ibili da (122). Hala, gaur goizean, herriko hainbat gunetan kartelak kokatu dituzte mezu deigarriekin, besteak beste, ‘Ordizia bizi herria, erretzea kaltegarria’. Hala, gaurtik aurrera Plaza Nagusia ‘kerik gabeko gune’ bezala proposatuko da, eskatuz gune horretan ez erretzea.

Etorkizun hurbilean Plazan kerik gabeko gunea dela adierazten duen elementuren bat jartzea ere aurreikusten da.