Haur Txokoa, guraso eta haurrentzako espazioa

Zuhaiztiko eraikineko bigarren solairuan kokatuta dagoen Haur Txokoa guraso eta haurrentzako espazioa izango da. Hain zuzen ere, larunbat eta igandeetan eskainiko da zerbitzua, 16:00etatik 19:30etara.

Haur Txokoan dagoeneko hainbat jostailu eta elementu daude, eta hauen erabilera egokia egiteko deia luzatzen da. 0-4 urte bitarteko haurrentzat bideratua da, betiere guraso edo arduradun batekin egon beharko direlarik. Espazio hau jolas eremua izanik, bertan ezingo da jan eta edan, eta mugikorrak ere ez erabiltzeko gomendatzen da.

“Zuhaiztiko espazioan kokatzen da, baina erabakia ez da ausaz hartu. Belaunaldien arteko harremana bultzatu nahi dugu, adineko zein haurren arteko zubiak eraikiz. Horregatik, momentuz espazioa elkarbanatzen dute baina emaitzak onak badira etorkizunean ekintza partekatuak antolatzeko aukerak ere aztertuko dira”, azaldu du Ainhoa Jimenez, hezkuntza zinegotziak.

“Hiri Hezitzailearen aurtengo oinarria zaintza da, eta horixe da proiektu honek bultzatzen duela”, gehitu du Jimenezek.