Laura Sanz ordiziarraren kartela izango da Santa Ana jaietako programaren azala

Aurtengo Ordiziako Santa Ana jaiak iragartzeko kartelak badu irabazlea. Laura Sanz Fernandez ordiziarraren proposamenak irabazi du. Guztira 52 lan aurkeztu dira. “Parte hartzea handia izan da, eta lanen kalitatea ere bai. Oso pozik gaude izan dugun erantzunarekin eta aukeratutako lanarekin”, zehaztu dute Itsaso Muñoz, komunikazio eta parte hartze zinegotziak. "Orain dela 28 urtetik ez zen festetako programaren azala aukeratzeko lehiaketa egiten, eta guretzako garrantzitsua zen aukera hori herritarrengana zabaltzea", gehitu du.

Sanz oso pozik agertu da emaitzarekin: "lehenengo aldia da lehiaketa batera aurkezten naizela. Egia esan argi neukan zer zen transmititu nahi nuena, eta elementu gehiegirekin ez nuela egin nahi; hau da, kartela argia eta garbia izatea. Aukeratutako elementuak festak ordezkatzen dituztenak dira, hala nola, tanborrada, kuadrila eguna eta txaranga". Elementuak berak egin ditu eskuz: "ia astebete eman nuen elementu guztiak eskuz egiten, buztin polimerikoz eginak dira. Ondoren, argazkia atera nuen eta hor ere saiakera pila bat egin nituen nahi nuena lortu arte". 

Saria 500 eurokoa izango da eta etxebizitzetara bidaliko den programako azalean agertuko da.