[Inkesta] Parke Biziak parte hartze prozesua

Ordiziako Udalak Tipi kooperatibarekin abiatutako parke sarearen inguruko parte hartze prozesuak aurrera darrai. Atal honetan, online inkesta jarri da martxan. Hemen duzue linka:

https://tipi4.typeform.com/to/Hms3vHBv

Galdetegi edo inkesta hau Parke biziak prozesuaren parte da, helburu duena Ordiziako parke sarea modu parte-hartzailean lantzea eta hobetzea. “Galdera-sorta honen bitartez ordiziarrok parkeak nola erabiltzen ditugun jakin nahi dugu, eta herriko parkeen indargune eta ahulguneak identifikatu”, azaldu dute Tipi kooperatibako kideek. 5-10 minutu beharko dira galdetegi osoari erantzuteko eta galderaren bat erantzun nahi ez bada, erantzun gabe utz daiteke. Ordiziar guztiek eman dezakete haien iritzia. Adur Ezenarro alkateak horixe nabarmendu du: “Ordiziako parkeen sarea modu parte hartzaile batean definituko dugu, Ordiziarren iritzia kontuan izatea ezinbestekoa da guretzako; ordiziar guztiena. Azken finean, erabilera anitzeko guneak ditugu gure parkeak”.

Bestalde, Ordiziako eskoletako haurrek ere parte hartuko dute, galdetegi bidez haien iritzia ere jasoz. Eskoletatik bideratuko da hau.

Prozesuaren erdian

Parte hartze prozesu honek hiru fase izango ditu guztira. Lehenengoa diagnostikoa izango da. Bigarrena, parke sarearen izaeraren definizioa, eta hirugarrena eta azkena, parkeen diseinurako irizpideak zehaztu eta garatzea.