Hondakinak lurrean ez uzteko kanpainaren bigarren fasea

Juan de Amezketa kaleko zabor puntuari jarraipena egiten hasi dira

Orain hilabete batzuk Ordiziako Udalak, Sasieta Mankomunitatearekin batera, hondakinak lurrean ez uzteko kanpaina abiatu zuen. Aste honetan, kanpainako bigarren faseari eman zaio hasiera.

Herriguneko bost puntu ezberdin aztertuko dira. Hain zuzen ere, Sasietako teknikari bat egunean behin pasatzen da puntu horietatik, egoera zein den ikusteko. Gaueko txandan lurrean aurkitzen diren poltsak ez dira jasotzen, eta bereizgarria den pegatina bat jartzen zaie. Hurrengo egunean jaso, eta Sasietara eramaten dira. Banan bana zabor poltsak zabaltzen dira, ikusteko ea ondo dagoen birziklatuta edo ez. Identifikatuko balitz, isuna jarriko zaio zaborra lurrean uzteagatik. Lehen egun hauetan, Juan de Amezketako edukiontzi puntuari jarraipena egiten ari zaio.

“Eskatzen dugu zabor poltsak lurrean ez uzteko, baina baita ere behar bezala birziklatzeko. Beharrezkoa da arduraz jardutea eta konziente izateaz dagokion moduan birziklatzeak duen garrantziaz”, azaldu du Maitane Alvarez, Ordiziako alkateordeak.

Lehen fasean, komertzioak

Lehen fasean, 100 ostalari eta merkataritik gora bisitatu ziren, gogorarazteko zeintzuk ziren beraiek zaborrak ateratzeko ordutegiak. Bestalde, errefusa astean behin jasotzen zen, eta orain bi egunetan ahalbidetu da, azken finean, horrek ere lagunduko duelako zaborra ez horrenbeste pilatzen. Horrez gain, birziklapenaren inguruko zalantzak ere argitu ziren eta Sasietak kuboak ere banatu zizkien behar zituztenei.