Zuhaiztiko programa aurkeztu du Udalak

COVID garaian ere aktibatzeko, hainbat tailer eta ekintza egingo dira. Izen ematea otsailaren 5a arte egongo da zabalik

Ordiziako Zuhaizti zentro sozialak aurtengo ikasturterako programa aurkeztu du. “Egitarau osoa da eskainiko duguna”, azaldu du Raquel Bravo, Zuhaiztiko juntako zuzendariak. Aurkezpenean izan dira Ainhoa Jimenez, Ongizate zinegotzia eta Odilo Rivela, Majori kiroldegiko gerentea.

“Guretzako ezinbestekoa da adineko pertsonei zuzendutako ekintzak antolatzea. Gure adinekoak osasuntsu mantentzeko, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere”, azaldu du Ainhoa Jimenez, zinegotziak.

COVID garaian ere, aktibatu zaitez! egitasmoaren barruan, ordiziar heldu eta adineko guztiek (batez ere erretiratu eta pentsiodunek) parte hartzeko programa da aurkeztu dena. Kontuan izan behar da egungo egoera eta aldaketak eragin ditzakela antolatuko diren ekintzetan. Hala ere, halakorik gertatuko balitz, jakinaraziko da.

Hiru ataletan banatu dira ekintzak: Jarduera fisikoak eta kulturalak, Informatika eta komunikazioa, eta Osasuna eta ongizatea.

Lehen zatian honako ikastaroak eskainiko dira: adimena lantzen, Euskara Eskola, Jarduera Fisiko Lasaia, Pilates eta Aktibatu Zaitez, Mugi!. Azken bi ekintza hauek Majori Kiroldegian emango dira eta izen ematea ere bertan egin beharko da.

Informatika eta komunikazioari dagokionez, Pandemian bizi izan dugun konfinamendu egoeraren aurrean, argi geratu da sare sozialek garrantzi handia dutela komunikatzeko. Ikastaro hauetan tresnak eskaintzen dira, harreman birtualak nola izan ditzakegun jakiteko eta gure talde-jarduerak modu birtualean ere mantentzeko. Hala, sare sozialak, bideo deiak, Whatsapp eta Facebooken sakonduko da.

Azken atalean, bestalde, La Caixa banku-fundazioaren eta Ordiziako Udalaren arteko hitzarmenari esker, beste lau ekintza antolatu dira. Topaketak eta tailerrak egingo dira, ahalduntzeko estrategiak eta tresnak partekatzen dira taldean, norberaren bizi-esperientziatik abiatuta eta bizitza pertsonaleko proiektu atsegingarri eta motibatzaile bat sustatuta. Horrez gain, “Baikortasunean Bizi” tailerrari esker, helduaroan bizi-proiektua garatzen laguntzen duten ezagutza, teknika eta trebetasun psikoemozionalak landuko dira. “Zentzuz bizitzea COVID garaian” ere tailerra izango da. Hemen bizitzako alderdi garrantzitsuei buruz hausnartzeko balioko du; hala nola, galerak, zaintzak, bakardadea eta bizi-proiektua. Lagunen arteko irakurketa tailerrari dagokionez, solasaldi bidez esperientziak eta begiradak partekatuko dira.

Parte hartzeko deia

Jimenezek herritarrak ekintza hauetan parte hartzera animatzen ditu. “Tailer asko daude mota ezberdinetakoak, eta horrek eskaintza zabala jartzen du herritarren eskura. Bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diet ordiziarrei, izan ere, ekintza hauetan ziur asko ikasteko aukera izango dutela”. Otsailak 5 arte dago epea izen emateko.

 

AKTIBATU ZAITEZ page 0001  AKTIBATU ZAITEZ page 0002

 

AKTIBATU ZAITEZ page 0003  AKTIBATU ZAITEZ page 0004