Online-inkesta, herritarren iritzia jasotzeko Ordiziako parke sarearen baitan

Parkeen erabilera ohiturak, indarguneak eta gabeziak detektatzeko helburua izango du

Ordiziako Udalak herriko parkeen sarea modu parte hartzailean definitzeko prozesua abiatu berri du, Tipi Gara kooperatibarekin batera. Abenduaren amaieran bi saio egin ziren herriko haurrekin, haien iritzi, behar eta iradokizunak kontuan hartuta osatzeko parke sare berria. Parte hartze handia izan zuen ekimenak eta haur eta guraso ugari elkartu ziren egindako bi saioetan, betiere segurtasun neurriak mantenduz.

Otsailean emango zaio jarraipena prozesu honi. Hala, lehenengo 15aldian Ordiziar orori bideratutako online inkesta jarriko da martxan, Ordiziako webgunearen bidez, parkeen erabilera ohiturak, indarguneak eta gabeziak detektatzeko helburuarekin. Ordiziako eskoletako haurrek ere parte hartuko dute, galdetegi bidez haien iritzia ere jasotzeko. Adin guztietako pertsonei zuzenduta egongo da inkesta hau, izan ere, parkeak hamarkada desberdinetako pertsonen elkargune dira.

“Ordiziarren iritzia, ezinbestekoa”

Sarearen egitura orokorrari, parke bakoitzaren izaera eta diseinurako irizpideei, eta sarearen baitan egongo diren parkeen arteko konexio eta ibilbideak kontuan hartuko dituen prozesua izan da. Sare honen diseinuak, herritarren behar eta desio anitzak ordezkatzeaz gain, parte ezberdinen arteko osagarritasuna bilatuko du. Prozesuak, gutxi gorabehera, urte erdiko iraupena izango du, hau da, ekaina ingururako amaitzea espero da. Ordiziako parkeen inguruko sarea nolakoa izatea nahi den erabakitzeko aukera izango dute herritarrek.

“Orain arte parte hartzea zabala izan da, eta oso gustora gaude jendeak azaldu duen jarreragatik. Ordiziako parkeen sarea modu parte hartzaile batean definituko dugu, Ordiziarren iritzia kontuan izatea ezinbestekoa da guretzako”.

Hiru fase

Parte hartze prozesu honek hiru fase izango ditu guztira. Lehenengoa diagnostikoa izango da. Bigarrena, parke sarearen izaeraren definizioa, eta hirugarrena eta azkena, parkeen diseinurako irizpideak zehaztu eta garatzea.

Prozesuak oinarri zehatzak ditu. Hala, Ordiziako biztanle kopuru esanguratsu bat prozesuari lotzea lortu nahi da, parte hartzeko kanal eta modu desberdinak eskainiz eta komunikazioa indartuz. “Herritarren iritzia kontuan hartzea ezinbestekoa da herrian dauden beharrei erantzuna emateko”, gehitu du Ezenarrok. Horrez gain, Ordiziako biztanleen aniztasuna ere kontuan hartuko da, kolektibo batzuen presentzia ziurtatzeko parte hartze kanal eta modu espezifikoak eskainiz. Bestalde, prozesu parte hartzailetik eratorri diren eduki eta proposamenak aldika eta prozesu guztian zehar Udal barruan lantzea.

“Parte hartze prozesu honekin herrian dugun beharrari erantzuna ematea lortu nahi dugu. Hala, ordiziar guztiak gonbidatzen ditut prozesuan parte hartzera, guztion iritzia garrantzitsua baita parke sarea sortzeko”, amaitu du Ezenarrok.