Parkeen inguruko parte hartze prozesua abiatuko du Ordiziako Udalak

Haur parkeen sarearen azterketa egiteko bi saio antolatu dira datorren astearterako, abenduak 29. Izena ematea beharrezkoa da.

Ordiziako Udalak herriko parkeen sarea modu parte hartzailean definitzeko prozesua abiatu berri du, Tipi Gara kooperatibarekin batera. Sarearen egitura orokorrari, parke bakoitzaren izaera eta diseinurako irizpideei, eta sarearen baitan egongo diren parkeen arteko konexio eta ibilbideak kontuan hartuko dituen prozesua izan da. Sare honen diseinuak, herritarren behar eta desio anitzak ordezkatzeaz gain, parte ezberdinen arteko osagarritasuna bilatuko du. Prozesuak, gutxi gorabehera, urte erdiko iraupena izango du; Ordiziako parkeen inguruko sarea nolakoa izatea nahi den erabakitzeko aukera izango dute herritarrek.

“Helburua, Ordiziako parkeen sarea modu parte hartzailean definitzea da”, azaldu du Adur Ezenarro, Ordiziako alkateak. “Oso pozik” agertu da ekimen hau hasteagatik: “alde batetik, orokorrean, auzoz auzo egindako bileretan hainbat guraso eta haurrek azaleratutako gabezi bati irtenbidea emateko prozesua da. Bestetik, haurren begirada Udaletik hartzen diren erabakietan txertatzen da. Horrek ez du esan nahi haurrentzako bideratutako parkeak bakarrik izango direnik, baizik eta belaunaldi ezberdinetako ordiziarren topalekuak bihurtuko ditugu”, gaineratu du alkateak.

Sarearen egitura orokorrari, parke bakoitzaren izaera eta diseinurako irizpideei, eta sarearen baitan egongo diren parkeen arteko konexio eta ibilbideei kasu egingo zaie.

Haur eta gazteen parte hartzea

Gauzak horrela, datorren abenduaren 29an haur eta gaztetxoei zuzendutako tailerra antolatu da. Bertan, haien sentipenak, nahiak eta beharrak bildu nahi dira, eta jolas bidez adieraziko dituzte haien parke gustokoenek ezaugarriak, zein behar ikusten dituzten... Lehen saioa 11:00etan izango da, Jakintza ikastolan: 7 urtetik beherako haurrei bideratuta izango da. 2 eta 3 urteko haurrak arduradun batekin bertaratu daitezke. Egungo egoera kontuan hartuz, gehienez ere 14ko taldea osatuko da.

Bigarren saioa arratsaldeko 16:30etan izango da, Urdaneta ikastetxean. Kasu honetan 7-12 urte bitarteko haurrei zuzenduko zaie saioa; gehienez ere 18ko taldea izango da hau. Izen emateari dagokionez, izen emate taula osatu behar da eta Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. emailera bidali. Bestela, ikastetxeetan entregatu daiteke papera abenduaren 26an. Urtarrilean jarraituko du egitasmoak, eta deialdiak jakinaraziko dira.

Hiru fase

Parte hartze prozesu honek hiru fase izango ditu guztira. Lehenengoa diagnostikoa izango da. Bigarrena, parke sarearen izaeraren definizioa, eta hirugarrena eta azkena, parkeen diseinurako irizpideak zehaztu eta garatzea.

Prozesuak oinarri zehatzak ditu. Hala, Ordiziako biztanle kopuru esanguratsu bat prozesuari lotzea lortu nahi da, parte hartzeko kanal eta modu desberdinak eskainiz eta komunikazioa indartuz. “Herritarren iritzia kontuan hartzea ezinbestekoa da herrian dauden beharrei erantzuna emateko”, zehaztu du Ezenarrok. Horrez gain, Ordiziako biztanleen aniztasuna ere kontuan hartuko da, kolektibo batzuen presentzia ziurtatzeko parte hartze kanal eta modu espezifikoak eskainiz. Bestalde, prozesu parte hartzailetik eratorri diren eduki eta proposamenak aldika eta prozesu guztian zehar Udal barruan lantzea.