Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldiak

Lehenik eta behin barkamena eskatzen dugu larunbatean Pirritx, Porrotx eta Marimotots-en emanaldirako sarreren salmentarekin egon zen arazoarengatik. Zerbitzariak ezin izan zion erabiltzaile kopuru handiari, une berean, erantzuna eman. Igandean zehar arazoari konponbidea eman nahian aritu ondoren, azkenean erabaki dugu zuzenena eta guztiontzako justuena sarrerak anulatzea izango dela. Guztioi beraz, dirua itzuli egingo zaizue. Pazientzia pixka bat eskatzen dizuegu, posible delako itzulketa berehalakoa ez izatea.

Emanaldiari dagokionez, izan duen erantzuna ikusita, abenduaren 20an, igandean, bi emanaldi eskaintzea erabaki dugu, 16:00etan eta 18:30etan. Sarrerak oraingoan, era presentzialean salduko dira; pertsonako gehienez ere 10. Gogoratu gradatan banakako sarrerak izango dira eta kantxakoak familia unitatekoak:
- NON: Ordiziako Beti Alai pilotalekuan
- NOIZ: abenduaren 16an (asteazkena) eta 17an (osteguna).
- ORDUA: 17:00etatik 20:00etara.


Eskertuko genuke sarreren kostuaren diru kopuru zehatza eramatea.

AMAREN INTXAURRAK ikuskizuna: Heriotzaren gaia lantzeko proposamena

NONDIK GATOZ… Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldea heriotzaren gaia lantzen ari da. Familia eredu anitzez, kultura aniztasunaz, hezkidetzaz, bizikidetzaz, inklusioaz, naturaz, gaixotasunaz, … irri, kantu, dantza eta jolas, bizitzaz aritu dira ibilbide luzean sudur-gorriak, bizitzaren parte baitira horiek guztiak, egunero partekatzen ditugunak eta eragiten digutenak. Oraingoan, aldiz, bizitzaren parte den heriotzaz jardun asmo dute. Arrazoia argia da, heriotza ere presente dago gure egunerokotasunean.

Antzezle / ikusle dikotomia hausten saiatu dira pailazoak sorreratik bertatik. Antzezlana amaitu, oholtzatik jaitsi eta muxu, besarkada, hitz goxo edota argazki forman bertaratutakoen etxeetara iritsi dira, lagunen lagun bilakatuz. Eta lagunen artean pozak bakarrik ez, tristurak ere partekatzen dira, goxoagoak direlako beti horrela. Sortutako harreman berezi bezain estu horietan eragina izan du, baita ere, haurren beharrak eta eskubideak bermatze aldera lanean ari diren elkarte ezberdinekin duten “eman-hartuak”.

Tristurak, pozak bezala, askotarikoak izan daitezke eta heriotza horietako bat da. Haurren aiton amonak hiltzen dira, baita gurasoak ere. Senideak, lagunak, herriko ezagunak, traturik izan gabe gure paisaia emozionalaren parte sentitzen ditugunak... Haurrak ere hiltzen dira tarteka, eta pailazoek ere negar egin dute halakoetan. Senide eta lagunengandik gertu egoten saiatu dira eta haien sudur gorrien maitasuna eta berotasuna eskaini eta partekatu dute, agur esatean eta doluan galera hori bizi duten pertsonen beharrak eta denborak zainduz eta errespetatuz.

NORA GOAZ… Gure gizartean, ohikoak izan dira zuri beltzezko agurrak. Aitzitik, beste era batekoak, bizi izan garen modukoak izan daitezke. Pailazoek agur ezberdinetan parte hartu dute senide eta lagunekin batera: batzuetan globoak askatu dituzte airera, etxe luzez inguratutako porlanezko plazatxo batetan, haurraren arratsalderoko jolaslekua izandakoan. Eskolatan ere izan dira, hezkuntza komunitatea osatzen duten partaideekin marrazkiak, bizipenak eta sentimenduak partekatuz. Herriko parke kuttunean arbola landatu izan dute bizilagunekin batera. Itsasertzeko txoko kuttunean esan diote agur lagunari, baita mendi puntan ere… Norberaren izaerak, zaletasunak eta gogoak kontuan hartuz ospatu dituzte agurrak, askotan kantu eta dantza artean, eta beti muxuz, besarkadaz eta hitz goxoz lagunduta.

Covid 19a geure bizitzetara iritsi den honetan askok eta askok bakardadean bizi izan dute familia arteko edo lagun baten heriotza. Inoiz baino gehiago agerian geratu da heriotzaren aurreko eta ondorengo momentuetan duintasunez laguntzeak eta agurtzeak berebiziko garrantzia dutela. Hutsunea sentitu dugu herri bezala, eta hutsune hau nabarmena da egunerokotasunean ere. Askotan ez baitakigu heriotzaren errealitatea nola ulertu, onartu, partekatu…

Bizitzaren parte dira jaiotza eta heriotza, biak. Jaiotzaren inguruko ezagutza zabaltzen joan den moduan, heriotzaren inguruko ezagutza ere zabaldu egin behar da gizartean, bizia osotasunean bizi ahal izateko.

Gai honi Katxiporretak Hil Argi Elkartearekin eta Hik Hasi pedagogia taldeko lagunekin elkarlanean bere ekarpen xumea eskaini nahi dio, apaltasunetik. Proposamena orokorra da, tokian tokira eta unean uneko egoerara egokitu behar dena.