Oria eta Amundarain ibaien garbiketa hasi da

Ordiziako Udalak orain dela bi urte hasitako lanarekin aurrera jarraituko du eta aurten ere, Ordiziako zatiko Oria ibaia eta Amundarain errekaren garbiketa egingo du.

Garbiketa hau egiteko Txukun Lorazaintza S.L. enpresa kontratatu da. Garbiketarekin aste honetan hasi dira eta bi astez luzatuko da garbiketa hau. Oraingo datuak kezkagarriak ere badira. Egun bakarrean, esaterako, 1.000 kilo zabor jaso da. Atzo Amundarain errekaren zatia garbitzen hasi ziren, ibai ertzean kateaturik dauden zaborrak bilduz, bertatik ateraz eta kamioian zabortegira eramanez, gero bertan sailkatzeko eta pisatzeko. Lanak eskuz egingo dira, ez da makinarik sartuko. 

2018an, 3 astetan zehar, Oria eta Amundaraingo lau kilometro eta erdian 8.000 kilo zabor atera zen eta 2019an, epe berdinean, 5.500 kilo atera zen. Ondoren, zabor hau garbigunera eman eta dagokion edukiontzietan sailkatuta utzi zen. Orotara, 13,5 tona zabor gutxiago iritsi zen itsasora.

Ibaiak begiratzean garbiketa urtero egin behar dela argi ikusten da, ibaien ubideak berriro ere zikinak daude, gehienbat plastikoa dago baina hondakinak ere argi ikusten dira.

GARAPEN IRAUNKORREKO HELBURUEI KONTRIBUZIOA

2015eko irailean, 193 herrialdek 2030 Agenda deritzona onartu zuten NBEko Batzar Orokorrean. Agenda horrek Garapen Jasangarriko 17 Helburu ditu (GJH), eta mundu osoan aplikatu beharreko 169 xede. Xede horiek, 2016tik, herrialde guztiek egiten dituzten ahaleginak zuzentzen dituzte, 2030ean mundu jasangarri bat lortzeko eta mundu osoan eragina duten ingurumen, gizarte eta ekonomia arazo larriei aurre egiteko.

Oria ibaia eta Amundarain errekaren garbiketa egingo da 14. Garapen Iraunkorreko Helburua lortzeko: Ozeanoak, Itsasoak eta itsas baliabideak artatzea eta modu iraunkorrean erabiltzea garapen iraunkorrerako. Ondorioz, ibaietara botatzen den zaborra murriztu egingo da eta bide batez, itsasora iritsiko den zaborra ere murriztu egingo da. Ekimen hau Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz babestutako ekintza da.