Asteazken honetan 'Ordizia Txapeldun' gazta lehiaketa jokatuko da

Asteazken honetan, urriak 14, XXXIII. ‘Ordizia Txapeldun’ gazta lehiaketa ospatuko da asteazkeneroko azokaren altzoan. Aurtengoan, eta COVID19ak behartutako segurtasun neurri bereziak jasotzen dituen araudiarekin, lehiaketa ateak itxita eta ikuslerik gabe ospatuko da eta lehiaketan parte hartzen duten artzainak, epaimahaikideak, gonbidatuak eta prentsa soilik bertaratu ahalko dira. Une oro segurtasun distantziak gordeko dira eta musukoen erabilpena nahitaezkoa izango da.

Lehiaketa Ordiziako Udaleko pleno aretoan ospatuko da goizeko 11.00tatik aurrera.

Bertan, Euskal Jaietako Ardi Latxaren esnearekin egindako gazta lehiaketaren azken hamar urteetako (2011tik 2020ra) irabazleak lehiatuko dira haien artean. Ekitaldia Ordiziako Idiazabal Gaztaren kofradiak eta Udalak antolatzen dute, Idiazabal Jatorri Izendapenaren laguntzaz.

Honako gaztagileak arituko dira lehian asteazkenean: 2011 eta 2013ko irabazle Ricardo Remiro Aguirre (Eulate), 2014ko irabazlea Ondarreko Karmele Murua (Segura), 2012 eta 2015ean irabazle izan den Jon Etxebarria (Zeanuri), 2016ko irabazlea izan zen Joseba Insausti (Ordizia), 2017ko irabazlea Jose Luis Odriozola (Aia) eta 2018 eta 2019ko irabazlea, Julen Arburua (S.C. kortaria,Lekaroz) eta berriki txapeldun atera den Patxi Lopez de Uralde (Larrea).

Hiru gazta hoberenak diru-saria jasoko dute: 300 euro irabazleak, 200 bigarrenak eta 100 hirugarrenak. Hamarretik zazpiko puntuazioa gainditzen badute, urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak eskuratzeko aukera izango dute. Lehenengoak, Urrezko Gazta irabaziko luke zortzi puntu eta erdi baino gehiago lortuz gero.

Ohikoa baino murritzagoa baino luxuzko epaimahaia dugu oraingo honetan ere, Jose Juan Castillo lehendakari dutela ondorengo lagunek osatuko dutena: Elena Navarro (Kostalde jatetxea, Donostia) sukaldaria JAKITEA elkartearen ordezkaritzan,   Victoria Urresti eta Patxi Pérez Elortondo (Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariak) eta Eli Belaunzaran (El Diario Vascoko kazetaria).