Ordiziak irudi berria estreinatu du: Ordizia, bizi herria

 

Ordizia herri anitza eta aberatsa da, bizia, baina hausnarketa askotan atera da, halako aberastasunak zati askotan banatzen gintuela, guztiok bateratuko gintuen irudia behar genuela, Ordizia eta ordiziarrak irudikatuko gintuena, batak besteak gabe, ez duelako bizitzarik.

Horregatik Udal Gobernuaren hasierako apustuetako bat izan da Ordiziarren irudi bateratua sortzea. Alegia, Ordiziako Udalarekin identifikatzen den herriko armarriaz haratago, Ordiziak bere marka propioa izatea.

Hutsune edo gabezia horri erantzun nahi dio Eukene Lekuona diseinatzaile ordiziarrak sortutako irudiak, Ordiziatik, ordiziarrentzat mundura zabaltzeko irudiak. Bertako ACV enpresak, berriz, burutu du aurkezpen bideoa, eta Mari Karmen Odriozola kazetari ordiziarrarena da ahotsa. Bideoan ordiziar askok parte hartu dute, eta esker oneko mezua helarazi nahi die Udalak guztiei.

Marka berria maiatzaren 8an, ostirala, eman da ezagutzera.

Gauzak horrela, hemendik aurrera Ordiziak irudi korporatibo berria izango du, eta armarriaren erabilera udaleko dokumentu ofizialetara mugatuko da.

Hainbat ideia edo metafora iradokitzen ditu irudi berriak:

Ordiziako “O” biribilaren forma dauka, baina ez da perfektua, gure jatorria izan zen hiribildua bezala, ertz asko ditu, bertara datozenak bildu nahi dituelako. Horregatik, barruko hutsunea ere, ez da biribila, hiribilduaren almendra forma dauka, eta gure alde zaharraren bihotza den hutsunea gogorarazi nahi du, plaza!

Plazaren inguruan biltzen gara ordiziarrok, baina plaza hutsik dago, kolore, jatorri eta izaera anitzeko ordiziarrik gabe, gure taupadak direlako herriko bihotzari bizitza ematen diotenak.

Ordiziar guztiok islatzeko sortu den marka berriak bihotz hori babesten du, gure irudia den azaren hostoek bihotza babesten duten antzera, kolore, forma eta tamaina guztietako hostoek.

Ordizia herri bizia da, baina adjektiborik ez dago ekintza adierazten duen aditzik gabe. Horregatik lemaren mezuak ordiziarrak eta bertara datozenak gure herria bizitzera deitzen ditu, zuen taupadarik gabe Ordiziarren bihotzak ez baitu bizitzarik. Ordiziarrek bizi dugu herria, eta gure erabakiekin biziarazi dezakegu.

Aurkezpen bideoko testua:

Erdi-aroko hiribilduaren inguruan hazi da Ordizia, berdez inguratuta. Herriko bihotza da plaza, eta azoka plazarena. Bertan biltzen garen ordiziarron taupada sendoak dira bizia ematen diotenak. Baserritarren eta erosleen taupadak. Gure dantzak bizirik mantentzen dituzten dantzari ordiziarren taupadak. Indartsu datozen ordiziar belaunaldi berrien taupadak. Ordiziako aiton-amonak bizimodu osasuntsura mugiarazten dituzten taupadak. Jatorri ezberdinetatik etorri arren, gurekin bat egiten duten Ordizia anitz eta aberatsaren taupadak. Ordiziaren iraganean, ondo sustraituta, etorkizunera garamatzaten taupadak. Helburu partekatuak lortzeko, ordiziarrak elkartzeko gai diren biderkatutako taupadak. Inor atzean utzi gabe, ordiziarren taupada guztiek batzen dute. Ordiziako pertsona bakoitza, taupada bakoitza, da ederra. Eta are ederragoa guztien batura. Halakoa da Ordiziarren izaera; irekia, askea, sortzailea, parte-hartzailea eta lagunkoia bezain zintzoa. Aberatsa eta anitza da Ordizia. Herri benetan bizia. Ordizia, bizi herria!