2020 urteko aurrekontu proiektua onartu da aho batez

Captura de pantalla 2020 04 16 a las 14.12.04

Atzo, Ordiziako historian lehen aldiz ospatu den ez-ohiko osoko bilkura telematikoan 2020ko aurrekontu proiektua onartu zen aho batez. Hemen duzue Pleno osoa: 2020ko apirilaren 15eko ez-ohiko bilkura

Udal gobernuak Ordizia Orainekin adostutako hasierako aurrekontu proiektua martxoaren 16an onartu behar zen, baina alarma egoerak plenoa bertan behera uztera behartu zuen. Aurrekontu proiektu horrek krisi honen aurreko egoerari erantzuten zion, eta Gipuzkoako udalerri guztietan gertatu den bezala, hemendik aurrera pandemia eragiten ari den ondorio guztietara egokitu beharko da. Edonola ere, ezinbestekoa zen Ordiziako Udalak aurrekontua onartua izatea, dagoeneko ditugun konpromisoei erantzuteko, eta aurrera jarraitzeko lan-tresna behar-beharrezkoa delako.

Pandemiaren garaian, udal gobernuaren hasierako aurrekontu proiektu hura oinarri hartuta, aurreikusitako inbertsioak kendu dira, emendakinak eta oposizioren proposamen ezberdinen arteko eztabaida eta erabakiak atzeratuz. Diru-sarreretan ere murrizketak aurreikusi dira, Foru Funtsaren %20eko murrizketa bat aurreratuz. Alabaina finantza egoera berria zehazten den unean aurrekontu osoa berregin beharko da.

Onartu den aurrekontu proiektuak Ordiziarren funtsezko beharrei erantzuna ematen die oinarrizko gaietan, baina oso epe laburrean pandemiak eragingo dituen behar berriei erantzuteko egokitu beharko da, hala nola, diru-laguntza lerro berriak, kontratu publikoen kalte-ordainak, gizarte laguntzak indartzea, etab.

Edonola ere, oso epe laburrean pandemiak sortutako kalte eta behar berriei erantzuteko aurrekontu proiektuak 200.000 euroko partida irekia izango du. Helburu edo xede finkorik ez duen partida bat da, kontingentzia edo aurreikusi ez diren gertakizun berriei erantzuteko erabiliko dena, egoera honetan ezinbestekoa.

Udal gobernuak, udal talde guztiak eskertu nahi ditu halako egoeran egindako esfortzuagatik. Esfortzua, alde batetik halako salbuespen egoeran plenoa burutu ahal izanagatik, eta esfortzua, krisi honen aurrean iritzi ezberdinen arteko eztabaidak atzeratzeagatik. Ez da eztabaida garaia, ordiziarren lehentasunei erantzun eta indarrak batzeko garaia da.

Eskerrik asko guztiok erakutsi duzuen jarreragatik.