ORDIZIARREK TRAFIKOAREN EGOERA ETA BEHARRAK AZTERTUKO DITUZTE

Parte hartu nahi dutenek azaroaren 10a baino lehen eman behar dute izena

Ordiziako Udalak parte hartzeko aukera berriak  jarriko ditu martxan. Mugikortasunarekin, hau da, trafikoarekin eta aparkalekuekin lotutako alderdiak definituko dituen Mugikortasunaren Mahaia eta foroa izango dira.  Jose Miguel Santamaria alkateak eta Arantxa Fernandez zinegotziak prozesuan parte hartzeko deia egin dute.

Alkateak argitu duenez, ‘lehenengo Mahia jarriko dugu martxan eta trafikoa eta aparkalekuen balorazioa egin eta erabakiak hartzea izango du helburu’. Mahai alderdi bakoitzeko pertsona batek, alkateak, lau herritarrek, udaltzain batek eta merkatarien ordezkari batek osatuko dute. (...)

Foroa ondoren eratuko da, Agenda21aren bidez, eta zabalagoa izango da. Hau da, mugikortasunarekin zerikusia duten gai gehiago landuko ditu eta parte-hartzaileak ere gehiago izango dira. Foroak epe luzera begiratuz irtenbideak eskaintzen dituzten akordioak bilatu beharko ditu.

Eskaera orokorra

Santamariak eta Fernandezek gogorarazi dute legealdi honetan hartutako konpromisoetako bat trafikoaren eta aparkalekuen egoera aztertzea dela.   Hain zuzen ere, aurreko legealdian hartutako erabaki eta aldaketak ebaluatuko dira eta Udal Mugikortasun Planean proposatutako kokaleku posibleak aztertuko dira Ordizian parking bat egin ahal izateko.

Aparkalekuaren gaia ‘lehentasunezkoa dela adierazten da behin eta berriz’, gogoratu dute. 2007-2011 epean egindako galdeketa desberdinetan agertzen zen eta baita aurreko legealdian burututako parte-hartze prozesuan ere.

Ordiziako zerbitzuak eta merkataritzak bisitariak erakartzen dituela ulertzen du Udalak. Beraz, merkatarien eta bisitarien eskaera da mugikortasuna hobetzea. Eta ezinbestekoa zerbitzu maila nahikoa izateko eta azokan lehen sektorearen beharrak atenditzeko.

Gaiaren inguruko interesa duten herritarrei parte hartzeko deia egin diete zinegotziek. Hala, parte hartu nahi dutenek mezua bidal dezatela Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko. helbide elektronikora beraien izena, telefonoa eta helbide elektronikoa emanez edo dagokion eskaera egin dezatela idatziz herritarren arreta bulegora joanez.  Bulego-ordutegia 8:00etatik 13:00etara da lan-egunetan, astelehen honetan (urriaren 31) izan ezik, egun horretan 9:00etatik 13:00etara izango da.  Epea azaroaren 10ean amaituko da.