HONDAKINEN MAHAIAK IGANDEKO KONTSULTAN PARTE HARTZERA DEITU DU

8.278 Ordiziarrek hondakin bilketa sistema berria aukera ahalko dute

Hiru egun geratzen dira Ordiziak hondakinak biltzeko sistema berria hautatzeko eta Hondakinen Mahaiak prentsaurrekoa egin du prozesuaren laburpena egiteko.Udalerriko hainbat tokitan egin diren informazio bileretara joan diren 142 pertsonek  gai batzuk  azaleratu dituzte eta gai nagusienen berri eman dute.   

Zehatz-mehatz -literalki idatzita- hauek dira Mahaiak luzatuko mezuak eta herritarren  zalantzak eta emandako erantzunak:

''·        Herritarrek erabakitzeko eskubidea dute erreziklatzeko konpromisoarekin.  Hondakinen bilketaren inguruan Ordiziak ez du nahi bere izenean horri buruzko erabakirik hartzea.

·         Hondakinen mahaiak herritarrak eta bere erakunde sozial eta politikoak ordezkatzen ditu.    Egindako lanaz harro gaude eta orain herritarrei dagokie parte hartzea eta bozkatzea.

·         Oso garrantzitsua iruditzen zaigu lortutako adostasuna.  Desadostasunak alde batera utzi dira guztion onerako eta herritarrei informazioa eman eta galdeketa egiteko.

·         Proposatutako  bi sistemek bermatzen dituzte helburuak. Nolanahi ere hobetzeko aukera ere badugu.  Bi sistema hauek edukiontzien nahiz atez ateko aurreko sistemak baino hobeak dira. Bata ala bestea atera, ORDIZIAK IRABAZI EGIN DU ETA INGURUMENAK ERE BAI.

·         Hondakinen mahaiak egindako komunikazio erronda arrakastaz amaitu da.  Herritarren informazioa jaso du eta galdetzeko aukera ere izan du.  Informazio bilerak, bandoak, prentsa-oharrak, udal aldizkaria… horien guztien bitartez informazioa helarazi diegu herritarrei, norberak erabakia hartu behar duenean datu eta arrazoietan oinarritu dadin.

 

·         Herritarren bileretan ondorengo galderak atera dira:

·         Zergatik ez da gaur egungo Atez ateko sistema atera bozkatzeko?Erabateko adostasuna lortzearren ikusi delako ezin zela eztabaida polarizatu eta komeni zelako aurretik ezagutzen genituen Atez atekoa nahiz edukiontzien sistema garatzeko eta hobetzeko bi sistema mahai gainean jartzea.

·         Zenbat enplegu bermatzen dituzte proposatutako sistemek?Kalkulu hori egiten jarraitu behar badugu ere, hasiera batean Atez Atekoak 6 behar ziren, 4 edukiontzien sisteman eta 5 edo 6 sistema mistoan. 

·         Proposatzen den aukera bakoitzarekin zenbat aurrezten da gaur egungo sistemarekin alderatuta?  Sistema mistoarekin 20.000 euro inguru aurrezten da (%2,7) eta edukiontzien sistemarekin 170.000 euro inguru (%23,4) Atez atekoarekin alderatuta.   Aurrezteak ere lanpostu berriak sortzea ekartzen du, beharren arabera, adibidez: hezitzaileak, zaintzaileak eta abar.

·         Nola geratzen da merkataritzako hondakinen bilketa?Funtsean ez da askorik aldatuko, eta beraz, atez ateko bilketa sistemak jarraituko du sektore honetan, herrigunean sortzen den egoeragatik eta edukiontzien sistemak sortuko lituzkeen arazoengatik.  Hala ere, SASIETArekin batera hobetzeko neurriak aztertuko dira eta merkataritza arloko bilketak sortzen dituen gastu eta diru-sarrerak berraztertuko dira.

·         Zer egingo da zaborrak edozein modutan uzten jarraitzen dutenekin?  Sentsibilizazioaren bidez eta ingurumen hezkuntzaren bidez hezten saiatuko gara eta ez badugu lortzen behartzeko proportziozko neurriak ere erabiliko ditugu.  Botila erdi betea dagoela baloratu nahi dugu eta gehiengoak etxeko-lanak ongi egiten dituela bere etxeko hondakinekin. 

·         Nork ordainduko ditu edukiontzi berriak?Mahaiaren ustez, orain arte edukiontziekin eta banakako ontziekin egin duen moduan, SASIETAk finantzatu behar luke.  Kontsultaren emaitzaren zain gaude eta guztiok batera defendatuko dugu hori horrela izan dadin.

·         Edukiontzi berriak non egingo dira eta zein da hartuko duten espazioa?  Lehenik eta behin zer erabaki hartzen dugun jakin behar dugu eta ondoren SASIETAk dagokion azterketa teknikoa burutuko du.

·         Noiz ezarriko da kontsultaren emaitza?Ez da datarik finkatu inguruak berak ukitzen gaituelako.  Beasain eta beste udalerri batzuk edukiontzien sistemara pasako dira eta horren eragina du gurean.  Hala ere, uda baino lehenago ez da ipiniko.

·         Hitzaldietan erosotasunaz, zaratez, ordutegiez, bilketa egutegiaz eta abarrez eztabaidatu da.  Gauza askoren berri eman dugu dagoeneko eta beste batzuk interpretazioa behar dute eta ezin da gehiago aurreratu.

·         Ordiziak gai nagusien inguruan herritarrei galdetzea nahi du, hori entzun dugu eta horrek gogobetetzen gaitu.  Hori da hemendik atera dezakegun ikasgai hoberena.  Entzutea nahiago, ez entzutea baino.

Mahaikideen iritziz, orain ‘azken ukitua eman behar diogu’, igande honetan ‘parte hartzen eta bozkatzen’.''

 

Hondakinen mahaiak ‘ezin du proposatu zer bozkatu behar den’, esan dute, baino ‘bozkatzeko eskaera egin dezake’.   Igande honetan bozkatu egin behar delaazpimarratu dute.   Zenbat eta herritar gehiagok bozkatu, orduan eta ‘indartsuago jarraituko dugu erreziklatzen eta ingurumenarekiko dugun erantzukizuna erakusten’, amaitu dute. Bozka eman dezaketen ordiziarrak 8.278 dira.